Gozaran گذران


Iragaten dena

Frank Scheffer / 87 min. / 2012



گذران

تا به کی باید رفت
از دیاری به دیاری دیگر
نتوانم، نتوانم جستن
هر زمان عشقی و یاری دیگر
کاش ما آن دو پرستو بودیم
که همه عمر سفر میکردیم
از بهاری به بهاری دیگر
آه، اکنون دیریست
که فرو ریخته در من، گوئی،
تیره آواری از ابر گران
چو میآمیزم، با بوسهء تو
روی لبهایم، میپندارم
میسپارد جان عطری گذران
 
آنچنان آلوده ست
عشق غمناکم با بیم زوال
که همه زندگیم می لرزد
چون ترا مینگرم
مثل اینست که از پنجره ای
تکدرختم را، سرشار از برگ،
در تب زرد خزان مینگرم
مثل اینست که تصویری را
روی جریان های مغشوش آب روان می نگرم
شب و روز
شب و روز
شب و روز

 بگذار
 که فراموش کنم

تو چه هستی ، جز یک لحظه، یک لحظه که چشمان مرا

می گشاید در
برهوت آگاهی؟

بگذار
 که فراموش کنم
 
فروغ فرخزاد

IRAGATEN DENA

Noiz arte joan behar
lurralde batetik bestera
ezinen nuke, ezinen nuke bilatu
garai bakoitzak maitasun eta bidailagun desberdinak
oxala bi enara haiek bagina
bizitza guztian zehar bidaiatuz
udaberri batetik bestera

ene bada
hodei larrietatik eskonbro ilun bat
nire gainera jausi zenetik
denbora erruz iragan dela dirudi
eta zure musuak nire ezpainekin nahasten ditudanean
imaginatzen dut
lurrin iragankor batek berpizten nauela

nire maitasun hitsa galera ikararekin
hain biziaturik dago
ezen eta begiratzen zaitudanean nire bizitzak
osorik dardar egiten duela
leiho batetik, udazkenaren sukar horian
nire hostoz betetako zuhaitz bakarra
begiratzea bezalakoa da

ur lasterretako korronte bihurrietako imaginak
begiratuko banitu bezalakoa da

gauak eta egunak
gauak eta egunak
gauak eta egunak

utz nazazu
ahantz dezadan

zer zara zu, une bat baino
nire begiak zabaltzen dituen
une bat baino
jakituriaren biluztasunean

utz nazazu
ahantz dezadan



Forugh Farrokhzad. Jaiotza berria. 1964




Denbora luze baten ondoren sorterrira itzultzea erabakitzen duen iraniar bati buruzko istorio bat da hau. Ugariak dira halako istorioak Irango populazioaren artean. 3 miloiko diaspora omen du Iranek eta 1979. urteko iraultzak erditu zuen erregimenak bizirik dirauenez, askok eta askok, arrazoi desberdinak medio, herrira itzultzeko erabakia hartzen dute.

Piztia batek alimaleko denbora mokadu bat jan izan balu bezala, euren memoriaren eta gogoaren urdailetan organo batzuen faltaz, haiek errekuperatzeko hautua egin eta beharbada, ordurako gorputzak onartuko ez dizkien behin bateko atalak berrintegratzen saiatzera datozen biztanleak dira. Belaunaldi kontua dela esango nuke. Egiazki, Irani buruzko literaturan, zineman etab. genero eta enuntziazio puntu sarria dugu hori.  Errefuxiatu politikoak asko ditu Iranek; eta beste hainbeste herrari.

Kasu hontan, 30 urteko jauzia egingo duen gizonezkoa dugu protagonista, Vienan bizi eta orkesta zuzendari, enkargutzat Tehrango Orkesta Sinfonikoa zuzentzea izango duena. Pelikulan kontatzen ez den arren, esango dugu hainbat joan etorri egiten dituela Irana, hala bakarrik nola orkestrarekin. Eta kontzertu batzuk tarteko, Tehranerako dituen planek porrot egingo dutela. J. Cage, Mahler eta Bach-en lanak interpretatu ezinda geratuko da orkestra, autoritateek orkesta zuzendariak atondu programari gehiegizko eritzita. Horrela bada, erronka pertsonal gisa hartuko du Nader Mashayekhi-k. Pieza horiek berak osatuko duen orkestra partilurrarekin jotzea alegia.

2009ko hauteskunde giroan Iranen sortutako protesten artean jazo ziren gertakariok, eta hau ere pelikulan ez da kontatzen.

Portugesen saudadeaz hitz egiten da, baina ai! pertsiarren herrimin eta min anplifikatuetaz hitz egingo bagenu… musikatu eta kantatutako poeta pertsiarren olerkien alboan, motz geratuko lirateke fadoak. Negarrari emanak, dramatismo handiko gizartea eta kultura da pertsiarra. Eta pelikula, ildo beretik konposatu da.

Izaera fragmentarioa du, porrotek sortutako akademia batena. Lana irekitzen duen poema esaterako, Forugh Farrokhzaden Iragaten dena (pelikulari berari izena ematen dion poema) protagonistak errezitatzen du. Baina ez da hasieratik irakurtzen hasten, eta ez du bukatzen ere. Pelikulan zehar haren pusketak entzungo ditugu off ahotsean behin eta berriro.

Umea nintzela, egun batez, nire aita bere logelan zegoela, harengana joan nintzen. Lurrean eserita topatu nuen. Bizkarra ohearen kontra jarrita, musuzapia zuen esku batean eta harekin bildurik zuen eskumuturrari odola zerion. Hanka bat tolestatua zuen eta bestea luzaturik. Azkenengo honi begiekin jarraituz, tiradera ikusi nuen eta haren kontra, puskatutako ispilu bat. Gertatu berri zen krimen baten lekuko sentitu nintzen. Eta eskena oraindik bero somatzen nuelako da beharbada, irudi goibel hori oroimenean itsatsita geratu zitzaidala.

Egun, pertsiera ikasi eta Irango kulturari gerturatzen hasi naizen hontan, hainbatetan somatu ditut estanpa haren gisako egoeren oiartzunak. Eta film hau dateke bat. Esan bezala, (eta eritzi hau filmaren kontra doa) asmo hautsi bat da, porrot egindako plana eta zatikatutako kontaketa, aitaren logelako ispilu zartatua bezala.

Musikari buruzko hogeitamar bat pelikulako ibilbidea atzean utzita, zuzendariari irakurri diot filma hontan “buru hiztunak” (dokumental prototipikoan ikusten ditugun pertsona elkarrizketatuen collage-ak) alde batera utzi nahi zituela, irudia eta muntaiaren poetika gehiago lantzeko. Beno, nire aburuz motz eta eskas gelditu zaio filma. Besteak beste, nekagarri gertatzen dira beltzez jantzitako emakumeen irudiak karrika estuetan, ez da argi geratzen zertan geratu den… orgasmorik gabeko pelikula da baiki, sentikortasuna anplikiatzeaz abusatzen duena.


Toughi طوقی


Usoa

Ali Haatami / 120 min. /1971






Kashandik Tehranera auto batean nindoan. Lagun batekin Viber bidez mezuak trukatzen ari nintzen. Halako batean, tarte luzez erantzunik eman ez nuela eta, ondorengoa idatzi zidan:


 تخمه ی کفتر نخوردی؟
uso arrautzarik ez duzu jan?

Atsotitza ezagutzen ez nuenez gidariari galdetu nion, mezua ozen irakurriz, esamoldearen esanahia. Irribarre egin zuen. Eta erantzun guk, uso arrautzak jateak hitzari bide ematen dion sinesmena dugu. Alegia, haurrei ematen dizkiegu, lehen hitzak esaten hasten direneko garaian, hizketak bide har dezan, jarioa laguntzeko edo. Hortik datorkigu تخمه ی کفتر نخوردی atsotitza. Isilik geratu denari esaten diogu.

Hiru egun eman berri nituen Kashanen. Ez zen aparteko ezer gertatu, ez nuen aparteko ezer ikusi ere. Ez behintzat zernahi bisitarik ikus edo bizi dezakeen apartekorik. Eta horiek esan gabe doaz.

Guk usozale asko dugu Kashanen bota zuen gidariak. Usozaleek usoak batzen dituzte etxeetako teilatuetan. Gutxi batzuekin edo bakar batekin hasten dira eta poliki poliki euren uso sorta osatzen dute. Erakusten diete, etxekotutako usoei, hegaldia altxa eta artean basa diren beste usoak erakartzen. Nahikoa lehia izaten da usozaleen artean, zeinek uso gehiago eta hobeago edukiko. Apustuak ere egiten dituzte. Baina gaizki ikusitako zaletasuna da usozaleena. Teilatuetan ibiltzen dira, denbora luzez ibili ere. Eta teilatuz teilatu ibiltzeko aukera dutenez, etxeetako patioetara bistak dituztenez, emakumezkoak euren eremu pribatuetan ikusteko aukera dute. Zaletasun “luti”a da, kaleko txuloena.

Bada lutien ezaugarri ez de ba hitzen jario erraza, esapide eta esamoldez jositakoa!

Pelikula bat ere badugu, Behrouz Vossoughi-k antzezten duena. Pelikula honetan Vossoughi usozale amorratu bat da.

Hiru hilabete beranduago lortu dut aipatu filma ikustea. Gamelu bati erosi niola uste nuen baina dvd-aren arrastorik ez eta kalitate eskasean, Youtubeko kopia ikusi behar izan dut. Sorpresa izan da, pelikula Kashanen bertan kokaturik dagoela ikustea. Lehenago esana dugu, agertoki klasikoak erabiltzeagatik da, esan nahi baita arkitektura historiko persiarrak, besteak beste, Ali Hatami zuzendaria ezaguna. Ez ote dira filmean ikusitako etxeak eta jauregiak Kashango egonaldian ikusitako berberak!

Testing Democracy. 2000. M. Makhmalbaf

Ghost Dog. 1999. Jim Jarmush

Maadar مادر


Ama

Ali Haatami / 108 min. /1991




Ali Hatami (Tehran, 1944-1996) irandarrek loriatutako zinema zuzendari bat izan zen. Atzerrian sona gutxi izan bazuen ere, bere pelikulak oso maitatu dituzte herrialdean. Horien artean kokatzen da Ama (Maadar), hau ere, zuzendariak herriko folkloretik eta kulturatik abiatuta filmak sortzeko izan zuen joeraren erakusle. Atzerriko hizkuntzetara itzuligaitza den pelikula da. Esaera, atsotitz, poema eta pertsiar hizkuntzaren bere berezko eraikuntza linguistikoez betea egonik, jatorrizko bertsioan soilik ikusia izan daitekeen artefaktu zinmeatografikoa da. Pertsiera ikasi duenak ere, inmertsio linguistiko sakon eta zabala egin ezean, galdutzat eman dezake pelikula honen ikustaldi-entzunaldia (inmertsoa gauzaturik ere, nik uste, zail edukiko lukeela).

Gaixorik eta zaharturik, hiltzear den ama batek etxean jaso nahi du heriotza. Geratzen zaizkion egunak bere seme-alabak inguruan dituela bizi nahi dituenez, hauek konbokatu eta aspaldi ez bezala, jaiotetxean elkarrarazten ditu. Giroa ez da samurra, haserreak eta iraganeko istorioak tartean baitira. Otorduan errepresentatzen da hobekien anai-arreben arteko zatiketa. Batak besteari bizkar emanez bazkaltzen baitute. Edonola ere, egunak aurrera joan ahala, egoera samurtzen joango da, berriro ere adiskidetu arte.
 
Teatro tradizional baten gisan, Ali Haatami arketipoez baliatzen da pertsonaiak eraikutzeko orduan (ama, haurdun den alaba, atzerritik datorren alaba, seme poeta, seme dash-mashti-a, seme eroa eta aita bereko baina beste ama baten semea). Lokuzioak, esan bezala, atsotitzak dira: kaletarrak, literarioak, tradizionalak…

Chaharshanbe suri چهارشنبه سوری 



Asteazken suzkoa

Asghar Farhadi / 100 min. / 2006






Asghar-e Farhadik Irango gizarteko bikote harremanen formalizatze moduetan oinarrituz eraikitzen ditu bere pelikuletako tramak. Bikote harremen baitan, irandarrek beren bizitza eta desioak kudeatzeko dituzten arazoak lantzen ditu. Argi dago, prozesu hauen konplexutasuna eta sarri hartzen dituzten bidezidor gatazkatsuak ez direla irandarren arazo eta ezaugarri esklusiboak, baina bere istorioak Iranen kokatuz, bertako gizarte arauen nolakotasuna maisuki itzultzen du pantailara. Nazioartean, Ellyri buruz (2009, Dar bareye Elly) edo Nader eta Siminen banantzea (2011, Jodaeye Nader az Simin) pelikulen bidez lortu du ospea eta iaz estreinatu zuen Iragana (2013) izan da atzerrian errodatu eta ekoitzi duen lehen filma (nire aburuz, bere perfekzioan, eskasena).

Farhadi-ren filmen ezaugarri izaten dira argumentuaren eraikuntza bihurri eta korapilatsuak, bere istiorioak norabide anitzeko harremanen gurutzabideetan jazotzen baitira. Chaharshanbe suri-ren kasuan, Irango gizartean nortasun pertsonalak eta famili-nortasunaren irudiak duten garrantzia berebizikoak izanik, txutxumutxuek eta zurrumurruek gidatutako gatazkek gidatzen dute istorioa. Familiaren irudi duin bat eraiki eta berau kudeatu eta defenditu beharrak, maleruski, irandarrak esames eta gaizkiesanen filtrazio lanetan profesional egiten ditu. Besteen bizkar hitz eginez eta zurikeriaz jokatuz, ohoreak eta errespetu forma linguistiko eta performatiboak eguneroko kontuak dira.

Chaharshanbe suri-n, senar-emazteen arteko gatazka bat ardatz, bizi diren etxe-blokeko bizilagunen artean informazioak nola hegan, dantza eta gira egiten duen ikus dezakegu. Irango egutegiko egun seinalatuetariko baten giroan kokaturik, istorioaren bizipena estresagarri eta deseroso suertatzen da (1). Testuinguru zehatz bat baliatzearen bidez, arazo pertsonalez jardutea eta hauek konpontzea zailtzen duen inguru zaila transmititzen da. Izan ere, chaharshanbe suri-ko itxapero eta lehergailuen eztandek traba egiten ez dutenean, bestelako zaratek zailtzen baitituzte elkarrizetak Iranen; nik ezagutu dudaneraino behintzat hala da.

Chaharshanbe suri eguna, urteko azken asteazkenean ospatzen den jaieguna da. Jatorri Zoroastiarra atxekitzen diote eta bazter danak iraultzen dituen egoera den neurrian, autoritateek ez dute oso gustuko izaten. Halabaina, jaieguna leuntzen saiatzea galdutako borrokatzat dute. Umeek eta gazteek sekulako artsenalak maneiatzen dituzte egun hartan. Hiriko kalerik zokoenean ere, sua pizten dute bizilagunek, haren inguruan dantza egin eta bere gainetik salto egiteko. Gauaren iluntasunean, zarataren kaosean, jendetzaren nahasmenean lasatzen dira hor nonbait gizarte arauak, kotxeko ateak zabaldu, musika topera jarriz eta sexu desberdineko eta famili loturarik gabeko pertsonak elkartzea ahalbidetzen du giroak. Noruz-aren edo urteberriaren lehen zeinua da, khaane tekuni-arekin batera (2), egun batzuk lehenago iada somatzen hasten dena.


1. Jafar Panahi-k Hau ez da filme bat (2011, In film nist) pelikulan errekurtso bera baliatzen du. Kasu honetan, etxeko atxilopean den zinema zuzendariak bere egoera erakusten du eta kanpoko erreferentzia nagusia zarata, sua eta kaosa izanik, gerra bat gertatzen ari dela dirudi.

2. Khaane tekuni-a noruz (urteberri) aurreko egunetan zehar burutzen den etxe-garbiketa da. Urte aldaketarekin, etxea goitik behera eta azken izkineraino garbitzeko ohitura dute irandarrek. Etxeko altzari eta traste denak mugitzen dituzte horretarako eta leihoetatik zintzilik zein etxe atarietan orotariko etxetresna garbitu-berriak ikustea gauza aski arrunta da, urteko azken astean zehar.





Dayereh Mina دایره مینا 



Minaren zirkulua

Dariush Mehrjui / 101 min. / 1978







ما از ان پاکدلانیم که زکس کینه نداریم
یک شهر پر از دشمن و یک دوست نداریم


gu, gorrotorik gabeko bihotz aratzak
adiskiderik ez (dugu) etsaiez betetako herrian





Irango Shahren erregimenaren azken hamarkadetan, herriaren ekonomiak jasandako gorakadaren ondorioz sortutako bazterketa, korruptzio eta gizarte desberdintasun egoerak erakusten ditu filmak. Pelikulan, zinema kinkia gogorarazten duen nerabe xelebreak bihurtzen du irudia mugimendu. Tehrango ospitale batetara aita eramanez lehenengo, bertako erizainen limurtze jolasetan sartuz gero eta zakarra lortzeko trepetatan murgilduta azkenerako.

Testuingurua beraz, ospitale handi bat da. Ongizate gizartearen instituzio behinenetarik bat, zeinaren ateetan zain aita seme parea dagoen (Kafkaren Legearen parean ipuina gogoratu). Aldi berean, haren erreflexua proposatzen da: eraikin abandonatuan antolatutako odol-emate negozio ustela. Bertan, diru premian, sos batzuk inguratzearren haien bizi fluxuak salduz odolusten ari diren drogazale, mozkor eta landerren giroa sortzen du filmak. Ospitalean aldiz, biziaren kudeaketa boterea kapitalizatzen duen klase espezializatua dugu. Mediku taldeak, axolagabeki lanean gehienak, garaiaren oparotasunaren adierazleak dira. Odol emaileak (bai eta haien odola jasotzen duten eriak ere), garapenaren suziri argiek erakusten dizkiguten baztertuak dira.

Ali, nerabe ederrak, plano biak zeharkatzen ditu. Mugalari gisa, bateko eta besteko errealitateen arteko gako eroalea da, osasun sistema eta sistema ekonomikoaren gorputzaren hodietan barrena, bakteria gisa organo desberdinak bisitatzen ditu. Beharrak jota lehenengo, nola edo hala irabazitako kapitalaren kurpilean sartuko da. Plazer eta lukurreriaz geroago, errealitatearen gainetik egotearen sentipenak puztuta, hordagoak harroki jaso eta botako ditu.

Oraindik eraikitzen ari den (eta jakina, suntsitzen) Tehran baten zenbait bista ditugu pelikulan. Passoliniren Uccellacci e uccellini (1966) pelikulan bezala, eraikitze-suntsitze bidean dauden bitarteko hainbat espazioetan alderrai dabiltzan aita-semeak ikusten ditugu, etorkizuneko autobide, auzo eta industriguneak zeharkatzen. Karrusel gisan, istorioa, garaiko Tehranen panoramika bat egiteko aitzakia da.






Sib سیب 



Sagarra

Samira Makhmalbaf / 86 min. / 1998




Sagarra (Sib) Samira Makhmalbafen lehen luzemetraia da. Esan dezagun, aitaren akuilupean egindako pelikula izan zela. 14 urterekin eskola utzi, haren zinema-eskola proiektuan sartu eta 5 urtez luzatutako hezkuntza biraren osteko fruitua dugu (horixe ba, fruitua, sagarra). Beraz astinaldi bezala, ongi dago, baina pelikulak badu oraindik heldu gabeko gogo baten joeratik zehozer, Irango zinema berria deritzan horren poetika sinboliko nekezarekin nahastu izan ez balitz, hezurrik behartuko ez zukeena. Metafora esajeratuez ari naiz, figura eta errepresentazio esanguratsuen sukarraz. Esan gabe doa, diktadura baten pean eginiko filmak direla gehientxuenak.

Pelikularen asperduratik libratzen ez gaituen arren, ongi eta ongiegi dagoen ezer egon, bada. Sib, gertakari erreal batean oinarrituta dagoen pelikula da eta gertakari hortan inplikatutako pertsonek beraien burua pelikulan antzezten dute. Gertakari hartako pertsonak eta pelikulako gertakariko pertsonaiak biak eta bat dira (1). Aitak, amak eta alabek euren etxeko dramari berrekingo diote, behin bizilagun batek egoera salatu, gizarte zerbitzuek egoeran interbenitu eta gertakaria notizia bihurtu eta zabaldu ondoren: errekurtso ekonomikorik ez duen eta limitazio fisikoak dituen (besterik ez esateagatik) bikoteak alabak etxean atxilotzea erabakitzen du. Alabak ez dira 11 urtez etxetik irtengo.

Aldarri feministadun L´enfant Sauvage (Truffaut, 1970) edo Kaspar Hauser (Herzog, 1974) bat da Sib. Emakumearen bizi baldintzak mugako adibide baten bitartez seinalatu nahi dituena. Behin "askatuak", 11 urtez etxean giltzaperatuak izan diren bi neskek jasoko dituzten lehen lezioak sukaldatzen ikastea eta harropak garbitzea izango dira. Bien bitartean, gertatzen ari dena etxeko  leihotik begiratzen duen emakume bat ikusten dugu (Kelideko leihoa gogoan -Forouzesh, 1987-). Gainontzeko emakumeak egoera berean direla edota nesken etorkizuna halakoxea izango dela iradokitzen digun kontra-planoa da.

Gainontzean, aipatzekoak dira:

bat; pelikulako gizonaren "lanbidea" Irango zenbait auzunetako kaleetan entzun eta ikus daitekeen lanbidea da. Xelebre gisa pintatu didate niri, hari buruz hitz egin didatenean. Gure afiladorearen modukoa, Panen txirula (!) jotzen ez duen arren oihuka anuntziatzen du bere burua, namakiiiiiiiiie nun khoshkiiiiiiiiie! deiadarraz (gatz zalea hemen daaaa ogi sikuuuuua). Izan ere, Iranen ogiari tratamendu berezia ematen baitzaio. Ez da gainontzeko zaborrarekin batera botatzen. Bildu egiten da eta bada, apurrak etxez etxe jaso eta trukean gatza (edo izotza, filmean bezala) ematen duenik.

bi; pertsonaiek ateak ireki eta itxi, itxi eta ireki igarotzen dute pelikula guztia. Horra zinema iraniarraren obsesioetarik bat: ateak!

hiru; Samirak, bere aitak zuzendutako Bāisikelrān pelikulan (Mohsen Makhmalbaf, 1987), oraindik neskatila bat zela, aktore lanak egin zituen. Gogoangarria da eta koaderno hontan iada aipatua, pelikulako azken eskena, zeinean sagar bat esku batean duela, gurdi gainetik, mutil lagunari begira adio egiten duen. Lotura berezi bat dago irudi horren eta Sib pelikularen artean, zinema zuzendariek hainbeste gustuko dituzten pelikulen arteko justura horietako bat.

(1) Abbas Kiarostamik Lehen planoa pelikulan (Namaie nazdik, 1990) berdina egin zuen. Ez zuen erreferentzia hori hurrun ibiliko Samirak. Ala niri bestelakoak falta zaizkit.







pelikulan kantatzen den poema eta itzulpena euskaraz:


یا ربّ از گردش ایام زبس دلگیرم
دیگر از عمر گرانمایه الهی سیرم
یا به زندان برسان مرگ مرا یا اللهّ
یا نجاتم بده از زیر غل و زنجیرم
کنج زندان بلا مردم و امّا افسوس
من ندانستم آخر چه بود تقصیرم
زغریبی نکنم ناله به زندان یا ربّ
زانکه از روز ازل بوده چنین تقدیرم

ai! jauna bizitzaren joanaz arras nekaturik nago
ene bada, iada nahikoa dut bizitza baliotsu hontaz
ekarridazu heriotza oh jauna,
ala salbazioa emaidazu ene! kateetatik askatuaz
zorigaitzaren gartzela zokoan hil nintzen baina tamalez
ez nuen inoiz zertan erratu nintzen asmatu
bizi hontako bakardadeaz ez naiz kexu ene jauna
hastapeneko egunetik hori izan baita nire destinua






bat
bi



hiru

Mutil sakrifikatuen inguruko ipuinak (III)




Nerabe basijia - نوجوان بسیجی
 (1)



Ghom(2)dik zetorren, odolaren eta matxinadaren hiritik. Bazekien etsaiak, Iraultza Islamiarra kolpatzeko, bere lurra erasotu zuela. Etsaiak bere aberriko hiriak bonbardatu eta bere anai-arreba errugabeak erahil zituen. Orain Iraultza defenditu, harekin aurrez aurre gudukatu eta bere aberriaren lurretatik kanporatu nahi zuen.

Sentsazio bitxia zuen. Lehenago, frontera eta beste zenbait lekutara joandakoa zen eta garai hartan “hiri odoltsua” izenaz ezaguna zen Khorramshahr (3) hirian bertan gudukatu eta zauritua izan zen. Haren gorputzari begiratuta, bere adina antzeman zitekeen. Haren aurpegiko odol eta ke arrastoak garbituta hamahiru urte zituela ikus zitekeen.

Frontera joan nahi izan zuen garaiarekin gogoratu zen. Nola iritsi zen honaino? Nola komentzitu zituen komandanteak haren fronteko partaidetza begi onez ikusteko? Nola lortu zuen, ingenioz eta ausardiaz, gainontzekoen arreta erakartzea? Une horietan, oroitzapen hauek bizkor igaro zitzaizkion burutik.
(4)
Pentsatzeko tarterik ez zuen izan. Zerbait egiteko beharra sentitu zuen. Musulmanak pistola eta metraileten beldur ez zirela  erakutsi nahi zion etsaiari.

Ukabilean zerbait indarrez heltzen zuen, arrastaka etsaiaren tankeetarantz zihoan eta noiz behinka, oharkabean, eskua gerrirantz eramaten zuen. Hainbat granada gerrian lotuta zituen. Inork ez zekien haren bihotzetik zer zebilen. Alde guztietatik belarria kolpatzen zuten eztanden eta metraileten hotsa entzun zitekeen. Berak, hala ere, hots horiei ez zien jaramonik egiten eta arreta osoz etsaiaren tanke bat begiratzen zuen. Gutxinaka-gutxinaka, haren eta tankearen arteko distantzia gutxitzen ari zen. Tankea harengana iritsi zen eta bat-batean zarata ikaragarri bat sortu zen. Etsaiaren tankeak astinaldi bortitz batzuk egin zituen eta sugarrak, mingainak bezala, barrutik eta kanpotik sortu ziren. Dagoeneko, Hosein Fahmidek bere desioa bete zuen.

* * *
Hosein Fahmide epika handi bat sortu zuen nerabe gaztea izan zen. Irango gizarteak nerabe ausart eta sakrifikatu hau ez du inoiz ahaztuko. Emam Khomeinik, Iraultza Islamiarraren gidariak, hari buruz zera esan zuen: “granadak bere gorputzari lotu eta tankearen azpira sartu den hamahiru urteko ume hori da gure gidaria”. Gaur egun, gure herrian, eskoletako haurrek Hosein Fahmide nerabe Basijiaren izena loriaz gogoratzen dute. Tehranen Hossein Fahmideren izenarekin kiroldegi handi bat batailatu dute. Kirolari indartsuak, bertan trebatzen direnean, nerabea gogoratzen dute eta beren buruari esaten diote: nolako seme heroikoak, Islamak ekartzen dituenak.



(1) Uniforme gabeko paramilitarrak dira, Iraultza Islamiarraren zaindariak. Gazteria militante forma oso zabaldu bat da, estatuaren agintea gizartean txertatu eta kohesioa eta leialtasuna edo obedientzia bultzatzeko erabili eta erabiltzen dena. Haren jatorria Iraq-Iran arteko gerran kokatzen da, militarki hobeto prestatutako etsaiaren aurrean borrokatzeko beharrean sortu zen gudariaren figura bat da. Paradisuaren ateak zabalduko omen zizkien giltza-kutuna soinean, gazte/nerabe asko eta asko, etsaiaren fontrerantz joan eta euren burua akatu zuten, hala bideko minak zapaldu eta atzetik zetozeneei bidea zabalduz nola kamikaze gisa, lehergaiak soinean, etsaiaren alboan euren gorputza lehertaraziz. Harrotasun abertzale sutsuaren zeinu bihurtu zuten eta oraindik orain, herriarekiko sakrifizioaren eredu bezala goratua da.
(2) Txiismoaren Irango hiri santua. Mundu mailako islamiar txiismoaren ikasketa zentru garrantzitsuena da. Irango erregetza kolpatu zuten Iraultza Konstituzionalean eta Iraultza Islamiarrean gune garrantzitsua izan zen. Bertatik predikatu zituen Emam Khomeinik erregearen aurkako bere lehen aldarriak eta han kontzentratu ziren protesta asko
(3) Iran-Irak gerra garaian famatu zen herrialdea. Lehenengo okupatua izan zen eta ondoren liberatua. Azken ekintza honek ospakizun handiak ekarri zituen. Hainbeste jende hil zuten “odolaren hiria” edo “hiri odoltsua” izena jaso zuela.
(4) Badirudi hemen testuaren atal bat falta dela. Itzulpena eskola liburu batetik bertatik egin dut baina, testua, 33 urteko irandar batekin irakurtzen ari nintzela berak Hosein Fahmide gudu zelaian kokatzen zituen deskribapen gehiago gogoratzen zituela kontatu zidan. Irakurtzerakoan ere, azalpen edo deskribapen falta bat somatzen da. Beste bertsiorik aurkitu  ezean, bere horretan utziko dut itzulpena.





 

Mutil sakrifikatuen inguruko ipuinak (II)




Mutiko sakrifikatua - پسر فداکار


Petros Herbeheretako mutil koskor eta ausart bat zen. Herbeheretan badira lur batzuk itsasoaren mailatik behera daudenak. Itsasoko urak lur horiek estali ez zitzan dike lodi eta luzeak eraiki zituzten. Petrosen aita horietako dike baten zaintzailea zen. Egunero, goizez etxetik irten eta dikearen egoera egiaztatzera joaten zen.

Egun batez, Petrosek amari galdetu zion: zergatik joan behar du aitak egunero dikea egiaztatzera? Amak erantzun zion: joango ez balitz, posible litzateke ur tanta bat zulo batetik irteten hastea. Hori gertatuko balitz, denbora asko ez litzateke igaroko zuloa poliki-poliki handitu, itokin bihurtu eta tantaka-tantaka uholde bihurtu arte. Beraz imajina dezakezu bai zuri, bai niri, nola bizilagun eta herriko jendeari zer gertatuko litzaigukeen. Petrosek galdetu zuen: orduan dikean zulo bat sortu eta aita bertan ez balego zuloa nork itxiko luke? Amak txantxetan esan zuen: mutil koskor batek bere hatzaz itxiko luke.

Udaberri hasierako egun batean, amak Petros alboko herrixkan bizi zen lagun batengana enkargu bat egitera bidali zuen. Oso egun alaia zen. Izotzak urtu berri eta idi-bihotzak loratu berri ziren. Saldotan, neguaren hotzetik lurralde epeletara migratu zuten zikoinak zeruan ageri ziren. Petros dikearen albotik oinez zihoan eta aldian behin zeruan mugitzen ziren hodei zuriak begiratzen zituen. Tarteka, udaberri etorri berriaren zeinu, ernetzen hasitako zuhaitzak begiratzen zituen.

Arrats behera zen eta gaua gero eta gertuago zegoen Petrosek herritik etxerako bidea hartua zuenean. Petrosek txorien, xakelen eta bere urratsen hotsak besterik ez zituen entzuten. Bat-batean tanta-jario bat entzun zuen. Dikera gerturatu zenean, zulo batetik ura tantaka irteten hasia zela ikusi zuen. Supituki, amaren esanarekin gogoratu zen: denbora asko ez litzateke igaroko zuloa poliki-poliki handitu, itokin bihurtu eta tantaka-tantaka uholde bihurtu arte. Ingurura begiratu eta ez zuen inor ikusi. Gauzak horrela, behatza zuloan sartu zuen. Uraren jarioa eten zuen arren, hatza hoztu zitzaion. Norbait bertatik pasa arte denbora asko ez zela igaroko pentsatu zuen. Denbora igaro zen, eta bertatik inor ez zen pasa. Behelainoa sartu zen. Txoriak lotara joan ziren eta xakelek ez zuten gehiago kantatu. Dagoeneko, Petrosek ez zuen bere eskua sentitzen. Hala ere, ez zen behatza dikeko zulotik ateratzera ausartzen ez litzatekeelako denbora asko igaroko zuloa poliki-poliki handitu, itokin bihurtu eta tantaka-tantaka uholde bihurtu arte. Eskua ezin sentiturik, oihu egin zuen: aitatxo! aitatxo etorri bizkor! Baina ez zuen erantzunik jaso. Bere kolkorako zera esan zuen: gorputzak eusten didan bitartean ez dut behatza zulotik aterako. Ez da txantxa, aitak, amak eta herritar orok bizia galduko bailukete. Nola ez naiz ba aitarengatik, amarengatik eta herrikide ororengatik sakrifikatuko.

Ondoezik, burua lainotu zitzaion. Gaua, beltz-beltz zegoen. Urrunean uluka ari zen hontz baten lantua izan ezik, beste hotsik ez zuen entzuten. Orduak igaro ziren eta amaitu zen arte gauak aurrera egin zuen. Eguna argitzen hasi zen eta eguzkia sortu zen neurrian, behelainoa ostendu zen. Oraindik, Petrosen behatzak dikeko zuloan zirauen. Petrosen aita eta ama ez zeuden hain kezkaturik, izan ere, euren semeak gaua herrian igaroko zuela pentsatu baitzuten. Goizean goiz, beti bezala, Petrosen aita dikea egiaztatzera irten zen. Oraindik ez zen asko ibili dikean pausatua zen ume bat urrundik ikusi zuenean. Habiadura bizkortu eta dikera gerturatu zen. Petrosek behatza dikearen kontra zuela eta erabat zurbil zegoela ikusi zuen.

- Kontxo, baina zertan ari zara hemen Petros? Mugi bizkor, eskolara berandu helduko zara-eta.
- Aitatxo, ur-jarioa eten dut. Amak hainbatetan esana zuen: denbora asko ez litzateke igaroko zuloa poliki-poliki handitu, itokin bihurtu eta tantaka-tantaka uholde bihurtu arte...

Bere hitzak oraindik bukatu gabe zituela begiak ilundu eta arnasa bete ezinik lurrera erori zen. Aitak zirrikitua behin-behinekoz estali zuen. Semea bizkarrean hartu eta etxera eraman zuen. Amak Petrosen eskuak eta oinak igurtzi zituen, janari beroa eman zion eta ohean etzanarazi zuen. Aitak bizilagunak abisatu zituen eta elkarrekin zuloaren larrialdia konpondu zuten. Bizilagunek, Petrosen balentriak entzun zituztenean zera esan zuten: hupa mutiko ausart eta sakrifikatua! hupa bere ausardia! Zorionekoak halako seme-alaben gurasoak.







Mutil sakrifikatuen inguruko ipuinak (I)




Riz Ali - ریز علی

Udazken hotzeko ilunabar bat zen. Eguzkia Azerbayango herri bateko mendi elurtuen atzealdetik ezkutatua zen. Nekazarien eguneroko lana bukatua zen. Riz Alik ere berea bukatu zuen eta herrira itzultzen ari zen. Gau hotz eta ilun hartan, kriseilu dardaratiaren argiak bere bidea argitzen zuen. Riz Aliren herria trenbidearen alboan zegoen. Riz Ali gauero, etxera bidean, trenbidearen ondotik pasatzen zen. Gau hartan, bapatean, menditik zetorren harrabots ikaragarri bat entzun zen. Trenbidea trabatu zuten harri mordo bat erori zen. Riz Alik bazekien handik zenbait minututara bidaiarien tren bat iritsiko zela. Trenak, jausitako harri multzoa kolpatzen bazuen irauliko zela pentsatu zuen. Ideia horrek urduritu egin zuen. Ez zekien, urruneko desertu hartan, nola tren gidaria arriskua hartaz ohartarazi. Une hortantxe, mendiaren atzealdetik gerturatzen ari zen trenaren txistu hotsa entzun zen.

Riz Ali trena ikustera joaten zen sasoiak gogoratu zituen. Trenaren barnealdetik eskua mugituz agurtzen zuten bidaiarien aurpegi irrifarretsuak gogoratu zituen. Bazetorren istripu arriskutsuaren pentsamenduak bihotzaren taupadak bizkortu zizkion. Bidaiarien bizitzak salbatu ahal izateko erremedio baten bila jardun zuen. Bat batean, erremedio bat bururatu zitzaion. Giroa hotza eta larria bazen ere, aitaren batean harropak bizkor erantzi eta eskumakilera lotu zituen. Kriseiluaren erregaia harropen gainera isuri eta su eman zien. Zuzia jasotzen zuen bitartean Riz Ali trenererantz korrika hasi zen. Trenaren gidariak, sua ikusi zuenean, arriskuari antzeman zion. Beraz frenoak sakatu eta trena, balazta gogor batzuen ondoren, gelditu egin zen. Gidaria eta bidaiariak, asaldaturik, trenetik irten ziren. Mendiko luizia atzean eta zuzia eskuan zuen Riz Aliren gorpu biluziak ikusi zituztenean, mutil haren sakrifizioak arrisku handi batetik salbatu zituela ulertu zuten.


 

Un shab ke barun umad ya hamase rustazade-ye Gorgan اون شب که بارون اومد یا حماسه روستازاده گرگانی


Euria egin zuen gau hura edo Gorganeko mutilaren epika

Kamran Shirdel / 35 min. / 1967



1967ko urriaren 21ean, gaueko 8:35etan, Gorgan-go Bandar Shah-tik Firuz Kuh-rantz tren bat irten zen. Bidean, trenbideko matxura baten ondorioz, trena gelditu behar izan zuten. Gertakari hori da filmaren arrazoia. Bai eta bertako pertsonaien arteko adostasun bakarra. Izan ere, beste guztiak eztabaidarako eta elkarri tildeak botatzeko arrazoi, hipotesi eta argudio saldoak dira. Gertakari edo ezmez baten baitako pelikula antolatzen du Shirdelek. Gertakizun polemikoa, antza denez, bere egiazkotasuna frogatu ezinik geratu zelako eta delako, oraindik orain. Dokumentalak, hipotesi desberdinak argudiatuz ageri diren pertsonen testigantzak jasotzen ditu, oro har, gertakarian inplikatutako pertsonak eta kazetariak. Hortaz filmak epaiketa sekuentziatu baten forma hatzen du tarteka (hortan laguntzen dute hautatzen dituen plano eta enkoadre motak, epaigelan deklaratzen ari den jendearen gisakoak). Bestalde, Qal`eh-n bezala, argazkiak txertatzen dira pelikulan, baita egunkari errekorteak eta informe ofizialak ere. Dokumental antropologikoaren imintzio bat dagoela ere esan daiteke, istorioa kokatzeko, gertakizuna jazotako herriaz eta haren biztanleez egiten duen deskribapenaren nolakotasunean. Pelikula kuriosoa eta gai esanguratsua dira, behinik behin. (1)

Baina bidaiarien tren bat zen ala armadarako materiala zeraman zama-tren bat? Trenbidea matxuratutako lekutik 2800 metrotara ala 800 metrotara geratu zuten? 12 urteko mutil koskor batek ala trenaren gidariak eta langileek eman zuten matxuraren berri? Istorioaren egiak, edota nahiago bada, historiaren hegiak dantzan ari dira. Muntaiaren forma, landu nahi duen edukiarekin mimetizatzen dela dirudi eta ildo hortatik, asmo esperimentala antzematen zaio filmari. Gaiak irudiaren tratamendua bustitzen du eta horrela hartzen du forma pelikulak. Testigantzak eta irudiak gainjarriz eta tenkatuz, plano azkar eta gurutzatuak sartuz, erritmo bizkortzeak baliatuz (edo kopiaren akats bat da?), irudi errepikapena eta atzeranzko kamerak erabiliz osatzen da pelikula. Egia porrusalda bat omen da eta lapikoan sartzen den orok laguntzen du egosketa.

Istorioaren alderdirik interesgarriena, hala ere, gertakaria teknikoki eta objektiboki horrela jazo ote zen argituko luketen datuak alde batera utzita, Irango eskola liburuetan istorio horrek duen lekua da. Alegia, Irango oinarrizko hezkuntzako 2.? 3.? mailako liburuetan ageri den istorio bat dugu Gorgan-eko semearena eta Irango haur orok irakurri eta jokabide eredu bezala ikasten du trena gelditu zuen haurr haren kondaira. Egia esanda, haurren kondairak Irango eskola liburuetan badira batzuk eta tipologia bertsukoak gainera (datorren postean sartuko ditut horietarik hiru ipuinen intzulpen, adibide gisa). Haur sakrifikatuak deitzen dituzte eta arrotasun nazionalaren zeinu dira, jarraitu beharreko eredu. Gorganeko seme honena dugu bat eta nago, horixe izan zela Shirdelen asmoa, bere herrialdeko abertzaletasuna pixka bat zirikatzea.

Gogora dezagun Shirdelek modernizatzen ari z(ut)en Iran baten zeinuetan arreta jarri zuela. Qaleh-n eta Tehran, payetakhte Iran-en Teherango urbanismoaz eta teherandarren bizi baldintzetaz ari da, Paykanen Irango auto nazionalaz, Nedamatgah-n kartzelaz eta Un shab ke barun umad-en trenaz (herriaren modernizazioaren zeinu). Irango nazionalismoaren zimurrak erakutsiz ikusten dugu Shirdel, kritikoki batzuetan, ironikoki bestetzuetan. Guztietan ala guztiean ageri da, delirio nazionalistaren seinalatze bat (honakoan delirio nazionalistaren erdian sortzen diren bertsioekin deiliirio filmografiko bat sortzen du)

Aurrekoarekin lotuta, aipagai dugun pelikulan ikusiko ditugu herrixka batetako haurrak, eskolan, bandera jasoz eta orduko Irango ereserkia abestuz (beharbada ohikatuz esatea zuzenagoa litzateke). Shah-ren garaiko biztalneriaren eskolaratze egitasmoen eta alfabetizazio programen lehen emaitzak dira. Irakasleen faltan, soldaduak bidaltzen zituzten egun batzutan zehar herrixketara, eskolak ematera. Medikuekin ere antzera gertzatzen omen zen. estatu-zerbitzuak egitera bidaltzen zituzten garai haietan. Halako soldadu bat ageri da filman, eskola orduak gidatzen. Bertan irakurtzen ari dira trena geratu zuen haurraren ipuina. Zehazkiago, trena geratu zuen haurra ari da trena geratu zuen haurraren ipuina irakurtzen... eta trama interpretu nahi izanda ere, momentu bat ailatzen da non eta zaila den jakiten zeinek edo zerk irakurtzen duen zer, edo zein. Ikuspegi hortatik, haur heroiarena, auto-betetako profezia baten emaitza izan ote zen pentsatzera garamatza.

Gertakariaren baitako gezurtatze-argudiatze dantzan, Shirdel-ek ez du batekin ala bestearekin bat egitera ikuslea gonbidatzen. Ez da batera ala bestera posizionatzen eta urrun da gertatuaren gaineko erabateko baieztapen bat egitetik. Halabaina, hainbatetan erakusten digu topatu lekuko eta informanteen artetik, gertatuaren  bertsiorik zintzoena zeinek izan dezakeen. Elkarrizketatzen ez duen pertsonaia bakarra da hori. Behin eta berriro txertatzen du haren fotograma narrazioaren harian. Herriko idiota da. Hark gordetzen du egun deituko genukeen kutxa beltza.



Pelikula abesti batek ixten du oraingoan ere, ohar bezala diot (beste filmetan ere halaxe ixten ditu kontakizunak Shirdel-ek). Bestalde, berrikuspenerako utziko dut, apunte gisa, pelikula honek Davandeh-rekin izan dezakeen harremana. Ez al dira ba bi pelikuletan haurrak trenen atzetik korrika ageri?




(1) Filmeko lehen irudiak Kamran Shirdelen zinema, dokumental industrialetik gertu kokatzeko arrazoi bat izan daitezke, Paykan (1970) pelikula gogoratzen badugu gainera, hareago eta gehiago. Egunkari paper bobina zuriekin hasten da rotatiba batetako martxa erakusten du gero. Datorrenaren aurrekari bat izango da -nola sortzen eta sustengaten diren egiak, eta egitateak-, pentsatzen dut, egiaren erreprodukzio makinikoarekiko faszinazioaz bustita.

King Kongen pasadizoa قضیه کینگ کونگ



قضیه کینگ کونگ

دیشب اندر خیابون لاله زار
جمعیت زیادی دیدم چند هزار
خانم لنگ درازی شیک و قشنگ
رد شد از پهلوی من مثل فشنگ
دیدم یک جوانکی قد کوتوله
دنبال ان خانم می دود همچون توله
بخانم هی قربان صدقه میرود
هر کجا این می رود او هم می رود
رفت خانم تو سینمای ایران
جوانک هم به دنبالش دوان
بلیط خرید و رفتش بالاخونه
پسره هم دنبالش مثل دیونه
توی لژ پهلوی زنیکه نشست
زنیکه هم روش را سفت و سخت بست
چراغا خاموش شد اندر سینما
روی پرده پیدا شد بس چیزها

 دسته ای از مردم اروپا
رفتند بسوی جنگل های افریقا
تا از عجایب اثار قدیم
هر چه میبینند بردارند فیلم
همراه خودشان داشتند یک دختر
که از ماه شب چهارده بود خوشگلتر
الخلاصه چون بجزیره خرابه ای رسیدند
هر قدمی که بر می داشتند از وحشت می لرزیدند
پس از رنج ها و زحمات بسیار
به دست وحشی های ادمخور شدند گرفتار
انها دختر را که دیدند
خوشحال شدند و خیلی رقصیدند
مردها را غافل کردند و دختره را دزدیدند
دویدند دویدند تا به شهر خودشون رسیدند
دختره را هفت قلم بزک کردند
از شهر بیرون با داریه و دنبک بردند
به یک تیر کلفتی او را در جنگل بستند
غفلتن از دور پیدا شد هیکلی مثل غول
امد و دختره را گرفت توی پنجول
پشم اندر پشم اندر تنش بسیار بود
بنظرم وزنش چهل خروار بود
سر پا وایسادی مثل ادم ها
راه می رفتش روی دوپاها
ان نکره میمون بود و اسمش کینگ کنوگ
تنش پشمالو کمرش بدون لنگ
دختره هی جیغ و فریاد می زدش
 چونکه از شکل او می امد بدش
اما میمونه اونو دوستش داشتش
از اینجا می برد و اونجا می گذاشتش
رخت او می کند و هی بو می کشید
برا خاطرش با جانورها می جنگید
ادما از دور که او را می دیدند
توی سولاخ سمبه ها می چپیدند
اوهم هر وقتی که ادمیزادی می دید
نعره ها از ته دلش هی می کشید
اگر دستش می رسید می گرفتش
بیخ خرشا زور می داد و می کشتش
خلاصه اروپایی های ناقلا
برای میمون فراهم کردند بلا
گاز بخوردش دادند و گیجش کردند و به اروپا بردند
بدست ارتیست های شهیر یک سیرکش سپردند
توی سیرک چندین هزار از مرد و زن
ازدهام کردند که او را ببینن
پرده چون پس رفت کینگ کونگ پیدا شد
نیش مردم تماشاچی وا شد
میمونه غیظش گرفت و زور زد
زنجیر دست و پایش مردم له می شدند
تا لگد می گذاشتن مردم می مردند
شهر شلوغ شد مردم فراریدند
هر کجا کینگ کونگ را از دور می دیدند
رفت او تا پیدا کند معشوقه اش
بو می کشید که پیدا کند خونه اش
ماشین ها مثل فانوس تا می کرد
خودش را تو هر سوراخی جا می کرد
پیش او طبقه های عمارت
مثل پلکان بودش سهل و راحت
پاش را می گذاشت و می رفتش بلا
بدون اینکه بگوید یا الا
توی اطاق های زن ها سر می کشید
هر کجا سر می کرد محشر می کرد
زن ها جیغ کشیده بیهوش می شدند
عاقبت معشوقش را پیدا نمود
دست دراز کرد از تو پنجره او را ربود
با عجله رفت روی اسمان خراش
معشوقه اش را گذاشت زمین یواش
ارپلان ها روی هوا می پریدند
ناگهان کینگ کونگ را از دور دیدند
بس که ب طرف او تیر انداختتند
تمام جونش را خونین و مالین کردند
عاقبت سرش گیج خورد روی گراتسیه ل
چشمش سیاهی رفت از ان بالا شد ول روی گل
بینوا میمون شهید عشق شد
از بلای عمارت افتاد و مرد

چراغ ها روشن شد اندر سینما
مردم روانه شدند سوی خانه
کوتولهه رو کرد به خانم گفت دیدی ؟
معنی عشق حقیقی فهمیدی ؟
بنده هم عشقم مثل این میمونه
دلم از فراق روی تو خونه
اگر بخواهی من را ازار کنی
مثل این میمون گرفتار کنی
همانطور که اون از اسمان خراش
افتادش روی زمین و شداش و لاش
منهم خودم را این بلاخونه
میندازم پایین مثل کپه هندونه
تا که تمام جونم داغون بشه
سر تا پایم قرمز و پر خون بشه
خانمه که این را شنید دلش سوختش
خودش را به کوتولهه فروختش








King Kongen pasadizoa


Bart Lalezar Kalean (1)
milaka pertsona ikusi nituen
emakume hankaluze chic eta eder bat
bala bat bezala nire ondotik pasa zen
gaztetxo txiker bat ikusi nuen
emakume haren atzetik lasterka

atergabe laudatzen zuela
nora zihoan bata hara zihoan bestea
Iran Zineman sartu zen emakumea
eta gaztea haren atzetik korrika
txartela erosi eta palkora joan zen
eta gaztea haren atzetik eroa bezala
andrakumeak buruzapia gogoz lotu zuen
argiak itzali eta pantailan
gauza ugari azaldu ziren:
<<europar jende multzo bat
Afrikako oihanetarantz joan zen
ikusten zituzten aintzinako obra zoragarriak
filmera ekartzeko
ilargi betea baino ederragoa zen (2)
emakume bat zuten bidailagun
galdutako irlara iritsi zirenean
pauso bakoitzeko dar-dar egiten zieten gorputzek
halako sufrikarion eta neke artean
kanibal basatien eskuetan gatibu erori ziren
kanibal basatiek emakumea ikusi zutenean
poztu eta dantzan hasi ziren
gizonak despistatu eta emakumea atzeman zuten
korri eta korri euren herrixkara iritsi ziren arte
kolore anitzekin pintatu zuten emakumea
herrixkatik kanpora danborra joaz eraman eta
oihaneko hesola lodi batera lotu zuten arte
halako batean emakumea atzaparrekin harrapatu zuen
pizti itxurako gorputz bat azaldu zen
biloz betetako gorputza zuen
haren zamak ikaragarria zirudien
gizakiak bezala zutik mantendu eta
bi hanka gainean ibiltzeko gai zen
King Kong izeneko tximinoa zen
gorputz iletsua, long-ik gabeko gerria (3)
haren itxurak beldurtzen zuenez
emakumeak etenik gabe oihu eta garrasi egiten zuen
tximinoak hori atsegin zuen
eta haren arropak erauzi eta tai gabe usnatzen zituen
harengatik animaliekin bataiatzen zen
hura urrundik ikusten zuten pertsonak
zuloetan ezkutatzen ziren
eta bera ere pertsonak ikusterakoan
barren barrenetik orru egiten zuen
atzaparraz ailegatu ezkero jata heldu
eta lepoa estutuz akabatzen zituen
azkenean europear azkar ustekoek
tximuaren akabera prestatu zuten
gasarekin zorabiatu, Europara eraman eta
zirku batetako artista entzutetsuen eskuetan utzi zuten
zirkuan milaka pertsona, gizoin nahiz emakume
hura ikusteko elkartu ziren
oihalak erretiratu eta King Kong agertu zen
ikusleek barre egin zioten eta
tximua, haserreturik, indar egiten hasi zen
beso eta hanketako kateak puskatu zituen
hatzaparrekin eta hankaekin zanpatu eta
ostikadak joz pertsonak akatzen zituen
hirian zalaparta sortu zen eta 
King Kong ikusi orduko ihesari ekiten zion jendeak
King Kong maitearen bila irten zen
haren etxea topatu arte bazterrak usnatuz
kotxeak kriseiluen gisa zanpatzen zituen
zernahi zulotan muturra sartuz
harentzako eraikuntzetako pisuak
eskailera erosoak ziren
oinak pausatuz egiten zuen gora
esan gabe: iala! (4)
emakumeen gelak arakatzen zituen
burua sartzen zuen leku oro hondatuz
emakumeak garrasiak itota zorabiatzen ziren
edo babes bila senarren besoetara jotzen zuten 
azkenerako maitea aurkitu eta
leiho batetik besoa sartuz harrapatu zuen
arinki etxeorratzera igo eta
maitea kontu handiz laga zuen teilatuan
hegan egiten zuten aireplanoek
King Kong ikusi zuten
hainbat tirokatu zuten ezen eta
bere gorputza zauriz eta odolez estali zutela
azkenerako, konortea galdu eta
begiak belztuta etxeorratzetik behera amildu zen lurrera
tximu gixarajoa maitasunaren martiri bilakatu zen
hilik, eraikinetik behera erorita>>
zinemako argiak piztu ziren
jendeak etxerantz abiatu ziren eta
mutikoa emakumeari zuzendu zitzaion esanez: ikusi?
benetako maitasunaren esanahia ulertu duzu?
nire maitasuna tximu harena bezalakoa da:
nire bihotza zure aurpegiaren ausentziaz mindurik da
sufriarazi nahi banauzu
ni tximu horrena bezalako trantzean sartuz
etxeorratzetik behera eroriz eta gorputza txikituz
ni ere palko hontatik
nire burua botako dut angurri bat bezala
burutik oinetara odoleztatuta
nire bizia izorratzeko
emakumeak, hitz horiek entzunez pena sentitu eta
mutikoari saldu zitzaion





(1) Lalezar Kalea (Lale: idi-bihotz Zar: larre, soro -->Lalezar: idi-bihotz soroa)
(2) Pertsiar kulturan, ilargi betea edo ilargia pertsonen edertasuna (emakumeena kasurik gehienetan) adierazteko gehien baliatzen den figura da. Ilargi beteari “hamalaugarren gaueko ilargia” esaten zaio poeman. Hilargi egutegiaren arabera, hamalaugarren gaua ilargi betearen gaua da.
(3) Long-a, mundu musulmandarreko Erdi Aroko anaitasun zirkuluen erritualetan jatorria duen eta pertsiar kulturan izen askorekin deitua izan den pertsona eredu batek (lehen gizarte rola zen) gerrian lotuta daraman zapiak hartzen duen izena da. Pertsonai horri Javaanmard, Pahlavaan, Luti, Daash, Dasshmasti... deitu izan zaio, lehena izanik demagun, originalena eta besteak haren eratorriak. Javaanmarda altruismoa, fideltasuna, eskuzabaltasuna eta zintzotasunaren baloreak gorpuzten dituen eta ahulak defenditzeko gertu den gizonaren figura da. Soinketa bere prestaketa prozesuaren parte garrantzitsua izanik, ariketa fisikorako Zurkhaane izeneko espazio egokituak izan ditu (Zur: indarra; Khaane: etxea; Zurkhaane: Indarraren etxeak). Bertan parte hartuz, ezarritako ariketa fisiko multzo bat burutu eta Pahlavaan bihurtuko ziren (heroi, indartsu, gerlari). Baina modernitatearen etorrerak krisian jarriko du, beste arketipo tradizional batzuekin batera, gizontasunaren arketipo hori. Iraganarekiko nostalgiak hordituta, Javaanmardaren eratorriak sortuko dira, besteak beste, Daashmaashtia edo Lutia . Honako hauek, gizon noblezoa moralaren eta elegantziaren karga izaten jarraituko duten arren, hirietako auzoetan ordena ezartzeko funtzioarekin, baina mami espiritualaz husturik, mozkor fama hartuko dute. Hortik etorriko da dantza eta antzerki munduan asko imitatzen den (dantza eta koreografia molde propio bat sortu dute, bere baitan)  Lutiaren (baldar, bihurri) edo Daashmashtiaren izena eta irudikapena (dadaash: anai (jatorri turkiarreko hitza; laburduta: daash); masti: mozkorraldi). Beraz, Long-a pertsonaia mota honek gerrian daraman zapi edo fularra izanik, King Kongi long-ik gabeko deitzeak duina ez dela, emakumeak babesten ez dituela, elgantea ez dela, finean, gizona ez dela esateko modu bat da.
(4) Iaalaa! espazio pribatu batean dauden emakumeei, bertara sartu aurretik, gizonak egiten dien hotsa da. Famili loturarik gabeko gizon eta emakumeek edozein kondiziotan elkar ikusi ezin dutela dioen arau erlijiosoaren ondorio bat da hau, literalki, “ei jainkoa!” esan nahi duena, eta praktikoki “kontuz sartuko naizela” bezala itzuli daitekeena. Iaalaa! esan eta normalean, sartu aurretik, minutu batzuk itxarongo ditu gizonak. Atearen bestaldean, hotsa entzun eta, emakumeek buruzapia eta abarrak egoki (-) atondu beharko dituzte. Kontatu didatenez, Iaalaa! hotsa eztul batekin ordezkatu edota lagundu daiteke. Orain arte ateetaz egin ditudan aipamenekin duen lotura errebisiorako geratzen da, baina ez dezagun aintzakotzat hartu gabe utzi.





Sadeq Hedayat eta Mas’ud Farzaaben poema hau (1), hasieran, Qal’eh pelikulari buruz idatzitakoarekin batera paratzea pentsatu nuen (prozesu honetan Javier Hernandez izan dut aholkulari). Ideia, aipatu poema Shahr-e No auzoan kokaturik zegoela pentsatzen genuelako etorri zitzaigun burura. Baina itzulpena egin eta gaiari buruzko informazioa batzen ari nintzela, erraturik genbiltzala ikusi nuen. Gure usteen kontra, poeman aipatzen den Lalezar Kalea ez zegoen Shahr-e No auzunean. Nahastea, ezjakintasunari bakarrik ez baizik eta Shahr-e No auzoa iada esisitizen ez den egiteari zor zitzaion. Aurreko izkribuan aipatu nuen bezala, Shahr-e No auzoa 1979ko iraultza gertatu eta botereak suntsitu zuen puten auzoa izan zen. Egungo Teherango Gomrok inguruan koka dezakegu, eraistearen ostean eraiki zuten Raazi Parkean bertan. Lalezar kalea gertu dago, baino handik ipar ekialderantzago, 2 bat kilometrotara, Imam Khomeini plazaren (Meidun-e Emam) eta Iraultzaren Kalearen artean (Khiabun-e enghelab). Putetxeak beraz ez, baina bertan kontzentratzen omen ziren Teherango antzoki eta kabaretak, edo bestela esanda, Europatik ekarritako ikuskizunaren eta kontsumoaren kulturaren tenpluak (boutique-ak, dendak, restaurant-ak, almazen handiak etab.).

Sadeq Hedayat, “Kafka pertsiarra” bezala ezaguna, Irango literatura garaikidearen eta nobela idatziaren figurarik garrantzitsuenetakoa da. Poesia ez da idazle honen alderdirik ezagunena eta aztertuena, baina XX. mendeko Iran modernizatu berriaren gizarte irakiduraren girora gerturatzeko baliagarri suerta daitekeelakoan, bai eta aurreko izkribu batean (Grass: a nation´s battle for life) King Kong pelikulari eginiko aipamenarekin lotura duelako, itzulpen saiakera bat egin dut. Errimari dagokionez esan, poema originalak binakako bertso errimak dituela. Alegia, bertsoek binaka, errima egiten dute. Barne erritmorik gabekoa poema da eta pasarte baten deskribapen soila egiten du. Soiltasunak hala ere, ez dio indarrik kentzen. Poemak gizartea filmen erreflexua edo filmak gizartearen erreflexua diren gogoetaren karga dauka, oso figura sinpleak erabiliz. Gizarte satira, poemagintza pertsiarrean oso genero erabilia da. Tradizio horren barnean koka genezake poema hau. Gogoratu bestalde, mendebaldeko dekadentziaren zeinu izanagatik, 1979ko iraultzaren testuinguruan, fundamentalistek Irango hainbat zinema erre zituztela. Poema honetan aipatzen den zinema ez zuten erre baina, gaur egun, itxita dago.

Bertso osteko puntuazioak ezabatu egin ditut. Puntuazioa, pertsiar hizkuntzan nahasmen asko ekartzen dituen kontu bat da, dela idazlearen partetik gaixki erabilia delako, dela idazketaren unean, erabiltzen den tresnak berak zailtasunak ekarri eta akatsak sortzen dituelako. Nik neuk, jatorrizko bertsioan (pertsiar hizkuntzan idatzia, baina atzerrian argitaratutako S.Hedayaten lanen konpilazio bat da) hainbat aurkitu ditut. Irakurtzerako orduan, irakurlearen esku geratzen da, nahi eran etenak egitea. Pasarte baten kontakizun jarraia den neurrian, bere irakurketak ez luke arazo handirik sortu beharko.

(1) Sadeq Hedayat (Teheran 1903 - Paris 1951) eta Ma’sud Farzaad (Sanandash 1906 - 1981) idazleek 1934. urtean argitaratutako Zaunk Zaunk Jauna (Vagh Vagh Saahaab وغ وغ ساهاب) liburutik hartu eta itzuli dut poema, Behjat Mahdavi-ren laguntzarekin.




Iran Zinema gaur egun, Teherango Lalezar Kalean