Kelid - کلید

Giltza

Ebrahim Forouzesh / 76 min. / 1986

Amir, bost bat urteko mutil koskorra da eta amak etxean bakarrik utzi du. Bakarrik eta betekizun batekin utzi du gainera: esnatzen denean, sehaskan den anaia txikiari biberoia ematekoa. Hori agindu eta amak, etxetik irten eta, atea giltzaz itxiko du. Beraz hasiera-hasieratik, bi aktore nagusiak aurkeztuko zaizkigu pelikulan: biberoia eta giltza. Objektuak, subjektuen ekintzak jasotzen eta jasaten dituzten elementu pasibo izatetik haratago, ondorioak sortzen dituzten eragile aktiboak izango dira. Etengabeko katean, endredu nagusi bat askatzeko sortu ohi diren korapilo berriak erakusten ditu pelikulak, ume baten eskuetatik.

Esaten dudanez, filma eskuordetze batekin hasten da. Amak seme baten bitartez beste seme bat elikatu nahi du. Biberoia, inoiz amaren bularra ordezkatu duen bitartekaria izanik, pentsa baino konplexuagoa bilakatzen da gakoa. Izan ere, bularra biberoi bilakatuko da hemen, biberoia ume eta umea giltza. Kate honen ondorioak erakusten ditu filmak. Amir etengabe ari da gauzak lekuz aldatzen, beste helburu batzuetarako baliatzen… egoeraren orainaldi etengabean. Haurraren munduaren irudikapen moduko bat da Kelid.

Esan dezagun Kelid, filma baino, antzerkia dela. Eskenatokia, ikuslea sartzen ez den eremu bezala definitzen badugu, film oro eskenatoki bat dela baieztatu dezakegu, ikusleek, gertakarian interbenitzeko aukerarik ez duten neurrian. Baina Kelid, bere barnean eskenatoki bat duen filma da. Eta aktore guztiek, film beraren barnean dauden arren, ez dute kategoria bera: eskenatoki barnekoak eta eskenatoki kanpokoak bereiztu behar ditugu. Kelid, eskenatoki bat beste eskenatoki baten barnean duen pelikula da. Aldi baterako etxean giltzaperatuta dauden bi umeren nondik norakoak kontatzen zaizkigu (lehen eskenatokia: pelikula), beste inork sartzerik ez duen eremuan (bigarren eskenatokia: etxea). Kiarostamiren eskuartzea beraz, nabaria.

Egoera horretan, umeen eremuan sarturik dagoen bakarra ikuslea da, baina interbenitzeko aukerarik gabe (ikuslea, kaiolatutako txoria da hor nonbait). Anaia txikiaren lantuak entzun eta bizilagunak asaldatu egingo dira laster. Sarbide zuzenik gabe, etxeko atea Amirren bitartez irekitzen saiatuko dira. Alegia, kanpoan direnak barnean direnen bitartez bi eremuak banatzen dituen atea zabaldu nahi dute. Gakoa beti barruan egon ohi da, bertan denak aldiz ez du hori jakiten. Helduen mundua eta umeen mundua irudikatzen dituen pelikula bat izan liteke hau.

Biberoi batetik hasi eta itzuliz itzuli giltza batera iristen den katea da, saiakera konstante bat, hutsegiteen sorta, lorpenak soilik zeharka eta eginahalka burutu daitezkeela baieztatzen duen lana. Mugak zeharkatzeko moduak egon beti daudela esaten du ere. Horretarako moduak beti asmatzeke daudelarik. Zinema iraniarrak ongi erakusten du hori, ingenioarekin eta urrunera joan gabe.

Garapen pertsonalaren paralelismo bat bezala ere uler daiteke pelikula. Heldugabetasunetik heldutasuneranzko jauziaren irudikapen inbertitu gisa adibidez. Inoiz entzun dut, pertsona, behin uzki esfinterraren eta uretra esfinterraren kontrola lortzen duena ume izatetik umo izatera pasatzen dela. Gune eta une egokian esfinterra erlaxatu eta zabaltzeko gaitasunari (eta alderantziz, berau estresatu eta ixteari) heldutasuna deitzen diogu. Anaia txikiari biberoia emateko, etxeko giltza aurkitzeko eta atea zabaltzeko Amirrek jasaten duen zorabioan etxea zaborrez eta hondakinez betetzen hasten da. Azkenerako, Amirrek etxeko atea hondaki guzti horiei irteera emateko zabaldu behar duela dirudi. Etxeko atea zabaltzea lortzen dueneko unea itxaronaldi luze baten ondoren komunera ailegatu gareneko momentua gogorarazten du.

Pelikula ikusi eta lan sinple bat ikusi izanaren sentsazioa datorkizu, baina denborarekin, sentsazio hori ongi landutako gidoi baten aurrean egon izanaren sentipenean bilakatzen da. Soila bezain sotila den pelikula da, dudarik gabe.

 

Barru bakoitzak barru propioa. Gako bakoitzak bere karikatura

 

Ikuslea kaiolatutako txoria da hor nonbait

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

ZUZENDARIAREN BESTE FILM BATZUK: La jarre (1992), Le Petit Homme (1998), Enfants du Pétrole (2001) Hanoun and Darya (2008) A time to love (0208) The first stone (2010)

 

 



 

No hay comentarios:

Publicar un comentario