Davandeh دونده

Korrikalaria

Amir Naderi / 85 min. / 1985




Korrikalaria, dramatismoan erori gabe pobrezi eta utzikeri egoeran bizi den mutiko baten bizi modua erakusten duen pelikula da. Zuzendariak txirotasun egoera salaketa arrazoi eta sentsazioen sorkari behinena bihurtu gabe, bizi modu bakunaren zeinu bezala erabiltzen du. Protagonistaren adinarekin, eskenatokiarekin eta traman sartzen dituen elementuekin, gainera, muga-garai eta estadoak sortzen ditu. Filma, baiki, tentsioaren bilaketa eta tenkaduraren probokazio bat da. Gorputzaren mugen bilaketa gisa hartzen du forma, nerabezaroaren eta bizi-baldintzen determinismoaren kontra doana. Gehiago ari da potentziaz, mugak izorratzen eta desplazatzen dituen indarraz, materialismoan etzaten diren substratuez baino.

Pertsiar Golkoko hainbat lokalizaziotan filmatua, protagonistei mugimendu-margen handiak uzten dizkieten paisaia industrialetan kokatzen da pelikula. Hasiera batean Abadanen filmatzeko asmoa bazuten ere, errodaje garaian, herrialde hori bera Irakek bereganatu zuelako, beste leku batzuetan lan egin behar izan zuen ekipoak. Edonola ere, errodaje garaiko ezustekoek filmaren lokalizazio aniztasuna probokatu izanak ez du ulermen arazorik sortzen. Ildo horretatik, maisuki editatutako filma dela esan daiteke.

Pelikulak hondar-espazioetan hazi, bizi eta hezten den Amiro izeneko mutikoa du jopuntu. Industri testuinguru erregulatu gabeko espazioetan bizi delarik eta artean ere bera erregulatu gabeko adinekoa eta gorputzekoa izanagatik, paradisu kutsuko giro bat sortzen eta sentitzen da. Mutikoaren indarra somatuta gainera, guztia posible den une eta gunean gertatzen dela dirudi. Gorputzaren mugak ezagutuz dihoan izaera grinatsuko giza-piztia da Amiro. Eguzkiaren kontra hartutako plano guztiek (ez dira gutxi), gainera, pertzepzio berezia eragiten dute ikuslearengan.

Itsasoa eta lurra, umetasuna eta heldutasuna, izotza eta sua, entitate kontrajarrien artean urtzen denaz, zertzen den gorputzaz ari da filma. Pelikulako gorputzek, hauen adierazpenak, izerdiak... konponente erotiko bat dute. Emakumerik agertzen ez den pelikula izanik gainera, konponente erotiko hori izaera homosexualekoa da nolabait. Adiskidetasunarekin eskutik helduta dator sexualitatea.

Korrikalaria ikusterakoan, Mowgli industrial baten aurrean gaudela ezin uka, zeinean oihaneko animaliak itsasontziak, hegazkinak eta trenak diren. Amiroren pultsioa horiek ukitzea da, eta hau, basapiztia ukitzearen paralelismo bezala gertatzen da. Azken finean, horietako baten barnean bizi da industrializazioaren kume den mutikoa. Ume ala umo den disjuntzioa ebatzezina da.

Hainbat plano aipagarri: itsasontziaren/Amiroren etxearen etxaurrea arkitektura pertsiar tipikoaren eite berekoa dela (eivaan ایوان esaten zaion egitura); bizikletan ibiltzeko joko-zelai erraldoia den portua; eskolan izena eman eta abezedarioa ikasten hasten deneko planoak, bera bezala pertsiera ikasten hasi den (edo irakasten duen) norbaitentzako hunkigarriak direnak!; izotz pusketaren eskena, zeinaren bitartez Francisc Alysen Sometimes Making Something Leads to Nothing ekintzaren burutapenaren jatorriaz pentsa dezakegun...