Qal'eh قلعه


Gaztelua

Kamran Shirdel / 18 min. / 1966 -1980




Kamran Shirdelek Arkitektura eta Urbanismoa eta Zinema Zuzendaritza ikasketak burutu zituen Erroman. Azken ikasketa hauen osatzerako gauzatu zuen “Gli Specchi” (Ispiluak, 1965) bere lehen filma. Ostera, sorterrira itzuli eta Irango gorakada ekonomikoaren inguruko zenbait dokumental egin zituen, sarri, haren garapenaren alde ilunak, gizarte marginazioa eta boterearen korrupzioa erakutsiz. Itzuleraren lehen urteetan Irango Kultur eta Arte Sailarentzako lanean jardun zuen, bere filmen finantziazioa beraz, handik jasoko zuela pentsatzen dut. Gauza onik ez hala ere, zentsuraren aiztoek fit eten baitzuten bere filmen garapen eta argitalpena, Kamran Shirdel-en izena zentsuratutako zuzendarien zerrenda beltzera pasatuz. Qal'eh-ren kasua dugu hau, Irango Emakumeen Erakundearen laguntza ekonomikoarekin ekoiztua, 1965an errodatzen hasi eta artean bukatu gabe zegegoela zentsuratu zuten. Deserosoegia edo, urte horietako Teherango Shahr-e No (hiri berria) izeneko auzoan kokatutako putetxe batean (edo puten eskola da?) sartzen baikaitu. Egoera mingarria, cinema verité eran kontatua, putetxeko emakumeen testigantzak jasotzen ditu. Film-dokumentalaren formatu informatibo hotza, hala ere, Kaveh Golestan-en argazkiak sartuz haratago darama. Izan ere, 1979ko iraultzaren ostean, iraganean jasotako irudiak errekuperatu eta montatu ahal izan baitzituen. Argazki horien erabilera ezintasun batek eraginda dator (gauza onenak bezala, nahigabeak sortuak beti); hor dugu beraz, filmaren lehen gakoa. Shahr-e no iada e zen esistitzen.

Kamran Shirdelek, fillmaren errodajearen etena jasan eta iraultzaren osterarte irudiok ezin izan zituen baliatu. 1980. urtean, irudiok berriro eskuartean, horiei nolabaiteko forma ematea erabakiko zuen eta horretarako, Kaveh Golestanen (1) argazkiak baliatu zituen. Kamran Shirdelen irudiak baino hamar urte beranduago egin zituen Kaveh Golestanek argazki horiek. Jakin ez dakit esaten argazkiok pelikulak erakusten digun etxe berean hartuak izan zirenik baina, auzoaren egoera dekadentea begirada subjektibotik erakusteko saiakera bera nabari da bietan. Horra beraz, irudi finkoa eta mugimenduzko irudia uztartzeko saiakera bat; amaitu-gabea argi esaten den bezala, baina iradokorra. Garai hartan film asko burutu omen ziren, puta baten zerbitzuez gozatu, harekin maitemindu eta hortik kanpora ateratzeko saiakerak egiten zituzten gizonen pertsonaiak erakusten zituztenak. Shahr-e No auzoa sentimenduz kargatutako leku gisa irudikatzen zen; istorio damakritoz josia, baliabidarik gabeko emakumeak jasotzen zituen neurrian.

Shahr-e No auzunea, gorteko jendeari ostatu emateko, Muhammad Ali­ Shah Kayar erregeak (1907-1909) (2) eraikitzea agindu zuen eremu bat izan zen. Garai hartan, Teheran oraindik harresiz inguratutako tamaina txikiko hiribildu bat zen (harresiek Qaleh izendatu dituzte ezagutzen ditudan iraniarrek, pelikulak hartzen duen titulua bezala). Baina haren harresietatik kanpora kokatu bazuten ere, gerora, Teherango hazkunde demasekoak bere baitara ekarriko zuen, bai eta aipatu harresiak eraitsi ere. Orduan izan zen Reza Shak (1925-1935) (3), zenbait birmoldaketa egin eta auzunea Teherango puten auzoa bilakatu zuenean. Asmo bat zuen birmoldaketak: putak leku bakarrean kontzentratzea. Antza denez, Zaal Mohammad delako proxeneta albinoak hango eta hemengo emakumeak auzunera ekarri (engainatu, erosi, lapurtu...) eta putetxeak osatzen hasi zen. Garai hartako garapenak ekarritako kontsumo era guztien gehiegikeriaz borborka zegoen Teheran eta batez ere, Shahr-e No. Esan didatenez, gaur egun apenas geratzen omen da auzo hortako ezer zutik, izan ere, Raazi Parkean bilakatu baitzuten agintariek garai loriatsuetan pub, kasino, putetxe, zinema eta abarrez josia zegoen Shah-re No hura. Pelikularen balioa beraz, Iraultza aurretiko Teheran erakuste hortan koka daiteke. Batez ere, boterera arribatu eta, agintaritza berriaren indar erakustaldi bezala (eta hiri garbiketa maniobra bat bezala ere bai) interpretatua izan den Shah-re No auzoaren suntsiketak ezerezean utzi baitzuen auzo bazterreko hori.

Pelikula eraikitzeko hiru elementuz baliatzen da Shirdel: emakumeen ahozko testigantzak, Irango garapenari eta azpiegiturei gorazarre egiten dien eta jainkoari, mundura ekarri izanagatik, eskerrak ematen dion diktaketa bat eta Kaveh Golestanen argazkiak. Irudien erregistroa off ahotsaren diktaketaren gainean muntatzen du, esango nuke, diskurtsoaren eta errealitatearen arteko desoreka salatzeko. Etxe hau beltza da pelikulan (In khune siaah ast 1962 این خانه سیاه است) Forough Farrokhzadek erabiliko duen errekurtso berdina da (Farrokhzaden pelikulan, leprosoen hospitale batetako irudien gainean Koranaren eta Testamentu Zaharraren pasarteak irakurriko dira). Bi pelikulen arteko harremana beraz, nabaria da.

Qal’eh-n badira bi kantu eder ere: lehena, bertako emakume baten poema kantatua da, bere kondizioari buruz ari dena; bigarrena, emakume batek kantatua ere, grabakate zahar bat dirudi.

Kamran Shirdel Pertsiar Golkoko Kish irlan ospatu zen Nazioarteko Dokumental Zinema Festibalaren sortzaile eta zuzendaria izan zen (zinemaldia ospatzeari 1999an ekin zitzaion, gerora eten eta beste zuzendaritza baten pean berrekin diotela irakurri dut). Modernitatearen garapenak oso modu bitxian konfiguratu ditu Irango hainbat leku. Kish irla da horietako bat. 60ko hamarkadan metxa piztu eta eraikuntza basatiaren itzala lehenenengo eta utzikeriaren huntza ondoren jasan dituen eta gaur egun, ekonomia suspertzeko merkataritza libreko zonldea den lurraldea da Kish. Gomendagarria gertatzen da haren inguruan Nasrin Tabatabai eta Babak Afrassiabi artistek argitaratu duten lan monografikoa (Kish, an island indecisive by design, 2012) eta artean ikusi ez dudan Kamran Shirdel Solitude Opus (Tanhaa-ye aval 2002 تنها ی اول) izeneko filma.

(1) Kaveh Golestan Ebrahim Golestanen semea da. Argazkilari amorratua izan eta hedabide desberdinentzako lan egin ostean, kameralari bezala jardun zuen, noiz eta Irak aldeko Kurdistanen mina bat zapaldu eta hil zen arte. Egile honi, lehango edo beranduago, aipamen luzeagoa egingo diogu, berari zuzenean ez bada, haren aitari. Izan ere, Ebrahim Golestan hainbat pelikula egin zituen zinegile eta idazlea dugu (Su bat, 1961. Yek Atish. یک اتش) Forough Farrogzad poetarekin izandako harremanak Etxea beltza da (Khune siah ast 1962. خانه سیاه است ) pelikula zoragarria eman zuen.
(2) Kayar dinastiako (1785-1925) seigarren eta azkenaurren erregea izan zen.
(3) Pahlevi dinastiako lehen erregea. Berorrek ekin zion herriaren modernizazio prozesuari. Hark erabaki zuen ere ordurarteko Persia Iran izenarengatik ordezkatzea.


No hay comentarios:

Publicar un comentario