Mutil sakrifikatuen inguruko ipuinak (III)




Nerabe basijia - نوجوان بسیجی
 (1)



Ghom(2)dik zetorren, odolaren eta matxinadaren hiritik. Bazekien etsaiak, Iraultza Islamiarra kolpatzeko, bere lurra erasotu zuela. Etsaiak bere aberriko hiriak bonbardatu eta bere anai-arreba errugabeak erahil zituen. Orain Iraultza defenditu, harekin aurrez aurre gudukatu eta bere aberriaren lurretatik kanporatu nahi zuen.

Sentsazio bitxia zuen. Lehenago, frontera eta beste zenbait lekutara joandakoa zen eta garai hartan “hiri odoltsua” izenaz ezaguna zen Khorramshahr (3) hirian bertan gudukatu eta zauritua izan zen. Haren gorputzari begiratuta, bere adina antzeman zitekeen. Haren aurpegiko odol eta ke arrastoak garbituta hamahiru urte zituela ikus zitekeen.

Frontera joan nahi izan zuen garaiarekin gogoratu zen. Nola iritsi zen honaino? Nola komentzitu zituen komandanteak haren fronteko partaidetza begi onez ikusteko? Nola lortu zuen, ingenioz eta ausardiaz, gainontzekoen arreta erakartzea? Une horietan, oroitzapen hauek bizkor igaro zitzaizkion burutik.
(4)
Pentsatzeko tarterik ez zuen izan. Zerbait egiteko beharra sentitu zuen. Musulmanak pistola eta metraileten beldur ez zirela  erakutsi nahi zion etsaiari.

Ukabilean zerbait indarrez heltzen zuen, arrastaka etsaiaren tankeetarantz zihoan eta noiz behinka, oharkabean, eskua gerrirantz eramaten zuen. Hainbat granada gerrian lotuta zituen. Inork ez zekien haren bihotzetik zer zebilen. Alde guztietatik belarria kolpatzen zuten eztanden eta metraileten hotsa entzun zitekeen. Berak, hala ere, hots horiei ez zien jaramonik egiten eta arreta osoz etsaiaren tanke bat begiratzen zuen. Gutxinaka-gutxinaka, haren eta tankearen arteko distantzia gutxitzen ari zen. Tankea harengana iritsi zen eta bat-batean zarata ikaragarri bat sortu zen. Etsaiaren tankeak astinaldi bortitz batzuk egin zituen eta sugarrak, mingainak bezala, barrutik eta kanpotik sortu ziren. Dagoeneko, Hosein Fahmidek bere desioa bete zuen.

* * *
Hosein Fahmide epika handi bat sortu zuen nerabe gaztea izan zen. Irango gizarteak nerabe ausart eta sakrifikatu hau ez du inoiz ahaztuko. Emam Khomeinik, Iraultza Islamiarraren gidariak, hari buruz zera esan zuen: “granadak bere gorputzari lotu eta tankearen azpira sartu den hamahiru urteko ume hori da gure gidaria”. Gaur egun, gure herrian, eskoletako haurrek Hosein Fahmide nerabe Basijiaren izena loriaz gogoratzen dute. Tehranen Hossein Fahmideren izenarekin kiroldegi handi bat batailatu dute. Kirolari indartsuak, bertan trebatzen direnean, nerabea gogoratzen dute eta beren buruari esaten diote: nolako seme heroikoak, Islamak ekartzen dituenak.



(1) Uniforme gabeko paramilitarrak dira, Iraultza Islamiarraren zaindariak. Gazteria militante forma oso zabaldu bat da, estatuaren agintea gizartean txertatu eta kohesioa eta leialtasuna edo obedientzia bultzatzeko erabili eta erabiltzen dena. Haren jatorria Iraq-Iran arteko gerran kokatzen da, militarki hobeto prestatutako etsaiaren aurrean borrokatzeko beharrean sortu zen gudariaren figura bat da. Paradisuaren ateak zabalduko omen zizkien giltza-kutuna soinean, gazte/nerabe asko eta asko, etsaiaren fontrerantz joan eta euren burua akatu zuten, hala bideko minak zapaldu eta atzetik zetozeneei bidea zabalduz nola kamikaze gisa, lehergaiak soinean, etsaiaren alboan euren gorputza lehertaraziz. Harrotasun abertzale sutsuaren zeinu bihurtu zuten eta oraindik orain, herriarekiko sakrifizioaren eredu bezala goratua da.
(2) Txiismoaren Irango hiri santua. Mundu mailako islamiar txiismoaren ikasketa zentru garrantzitsuena da. Irango erregetza kolpatu zuten Iraultza Konstituzionalean eta Iraultza Islamiarrean gune garrantzitsua izan zen. Bertatik predikatu zituen Emam Khomeinik erregearen aurkako bere lehen aldarriak eta han kontzentratu ziren protesta asko
(3) Iran-Irak gerra garaian famatu zen herrialdea. Lehenengo okupatua izan zen eta ondoren liberatua. Azken ekintza honek ospakizun handiak ekarri zituen. Hainbeste jende hil zuten “odolaren hiria” edo “hiri odoltsua” izena jaso zuela.
(4) Badirudi hemen testuaren atal bat falta dela. Itzulpena eskola liburu batetik bertatik egin dut baina, testua, 33 urteko irandar batekin irakurtzen ari nintzela berak Hosein Fahmide gudu zelaian kokatzen zituen deskribapen gehiago gogoratzen zituela kontatu zidan. Irakurtzerakoan ere, azalpen edo deskribapen falta bat somatzen da. Beste bertsiorik aurkitu  ezean, bere horretan utziko dut itzulpena.





 

No hay comentarios:

Publicar un comentario