Gaav گاو

Behia

Dariush Mehrjui  / 100 min. / 1969




Esaten dutenez, Irango zinemaren olatu berriaren erreferentzia da pelikula hau, Massoud Kimiai-ren Queysar (1969) eta Nasser Taqvai-ren Lasaitasuna besteen aurrean (1973) pelikulekin batera. Sinamaa Motefavet (zinema desberdina) izendatu zuten olatu berri horrek irango zinemaren kanon tradizionalak apurtu eta bestelako moldeak proposatu eta entseatu zituen. Dariush Mehrjui-ren lan hau dugu beraz, garai hartako akuilu. Gholam-Hossein Sa´edi idazle famatuarekin prestatu zuen gidoia eta istorioa bera idazlearen beraren eleberrian oinarritua izan zen.


Alde batetik, Irango hegoaldeko herrixka batetako bizitza erakusten du filmak, soilki. Haren eskenatoki dira eguneroko zenbait jarduera eta leku: te-etxea, plazako edo etxe tradizionaletako uraska tipikoa (houzh حوض deritzana), etxea, ikuilua, ezkontza erritoa, musikaria, alkatea edo regidorea, lapurren mehatxua... Komunitatea ren sekretuak gordetzeko ezintasuna tartean da ere...


Beste alde batetik, animali bati estuki loturiko pertsonaren trantzea erakusten du, honen galeraren ostean. Alegia, zer falta zaigun, hortan bilakatzen garena. Morroiak edo jabetzak ihes egin dion ezkeroztik nagusiak jasaten duen blokeatzea (formatik irteteko ezintasun hori) lantzen du, nolabait, pelikulak. Ildo horretatik, Luis Buñuelen El angel exterminador (1962), Thomas Vinterbergen Festen (1998) eta Giorgos Lanthimosen Kynodontas (2009) pelikuletako egitura gogora erazten du.

Hasierako eskenak nabarmentzeko modukoak iruditu zaizkit, unaiak behia putzuan garbitzen dueneko pasartea gogoan betiko geratzen zaizun horietakoa da. Bukaerako pasartea aldiz, heriotzeranzko bidaia litzatekeena (konfirmazio moduko bat, bai, animalia zara) El proceso filmaren azken eskenak gogora ekarri dizkit. Heriotzera daramaten “borrero” edo bitartekariak besterik ez diren horiek gidatuta.

Pelikularen hasieran kredituak erakusteko hondoan darabilen irudi-entsegua desperdiziorik gabekoa da. Dagoeneko, bertan deklaratzen ditu zuzendariak bere itentzioak, formalki, behia eta unaia bat datozen mantxa gisa erakutsiz. 


Equus (Sidney Lumet, 1977) pelikularen ohiartzunak ere, ez al ditu filmak?







Dayereh دایره

Borobila

Jafar Panahi  / 90 min. / 2000


Teherango Hegoaldeko Autobus Terminalaren satelite bidezko ikuspegia


Egun beteko kontakizuna hau ere bai, pertsonaz pertsona pasatzen doan istorioa, emakumez emakume, bat osatuz, biraka. Ez da baina derbixearen bira, ez da biribil leuna. Trantzetik urrun, itogarria da filma. Panahiren pelikulak O.Wellesek maisutasunez F.Kafkaren Prozesuarekin egin lana gogorarazten du. Nago, duen izaera klasikoa neu baino ikasioagoa den zernahi zinezalek antzemango duela ezen eta giroa eta trama, eskenatokien eta mugimenduaren bitartez zeinen bikain lantzen duen fit konturatuko baita. Edo hala behar luke. Zinema iraniarraren olatu berriaren zeinutzat joa izan den soiltasuna (iada zaharra, eta askorentzako nekeza), Aki Kaurismakiren filmetako planoak gogora ekartzen dizkizu, gauak istorioa hartzen duenean batez ere.

Bartzelonako Filmotekan Europar Batasunak Kontzientzia Askatasunaren Sákharov Saria ospatzeko antolatutako proiekzioaren testuinguruan berrikusi nuen filma eta aipamen alfer bat besterik ez diot egin nahi horri. Argi geratu zen saioaren aurkezleei pelikula ez zitzaiela txintik inporta, emakumeen egoeraren salaketa mediatiko bat egitera murriztu baitzuten euren interbentzioa (Irango gobernua deslegitimatzeko era mendebaldarra). Esteve Rimbau, Gorka Knörr, Rafael Bueno eta Nazanin Amirian izan ziren han. Azkenengo hau, zainak airatu zitzakeen bakartzat nuena, protokolo tentel batek apaldu eta epeldurik somatu nuen. Gauzak horrela, ekitaldia, pelikularen instrumentalizazio zikin bat bezala sentitu nuen. Eta inozo sentitu nintzen, pelikularen ostean solasaldi bati bide emango zitzaion ustearekin bertaratu bainintzen. Jende haren ustelkeria konfirmatzeko bakarrik balio izan zidan saioak (1)

Pelikulara itzulita, esan, ene aburuz emakumeen egoeraz mahaigaineratu nahi dituen gakoak aurkeztu bakarrik ez, horiek aurkezteko modua fin-fin lantzen duela Panahik.

Emakumeek leku publikoetan erretzea gaizki ikusirik egotea, gauez kaletik bakarka ibiltzeagatik susmagarri izatea, poliginiaren gaia, txadorraren erabilera behartua, bakarrik bidaiatu ezin izatea etab. kateatzen doazen istorioen bidez azaleratzen ditu, zeharka. Poliziaren presentzia etengabearekin, zaintzapeko askatasun egoera batez hitz egiten digu Panahik, gizonak bere posizio pribilegiatua probesten duen egoera batean. Hainbat bider ikusiko ditugu pertsonaiak kotxe baten atzealdean makurka, ezkutaturik, kalexketatik ihes, laguntz eske eta irtenbide bila.

Pelikulako lokalizazioak, gainera, punteria handiarekin hautatutako lekuak direla ez da oharkabean pasatzen (2). Eskilara ugari, burdin barrak beti agerian, hesiak, pasabideak... Tramaren giroa –herstura- sortzen lagunduko duten aktoreak dira hauek ere, eta pertsonaiak kalean daudelarik ere, artean kartzelan daudela iradokitzen dute. Burdin barrak etengabe hor dira, hosptaleko aldageletako bankua ere ez da libratzen. Bestalde, kameraren mugimendu etengabeak, espazioak eraginda gertatzen ez direnean, istorioek eta pertsonaien gorputz mugimenduek sortzen dituzte. Zuzendariak ez du lekuoro pertsonaia eskaileratan gora eta behera jartzeko aukerarik galtzen. Herstura sentsazioa lekuen izaeraren eta funtzioaren bitartez ere sortzen da: kale hestuak, autobus geltokia, gartzela, telefono kabina, hospitalea, pasabideak... ez lekuen pelikula bat da! Ai bertan harrapaturik dauden pertsonaien izerdiak.
 

Filmak ez digu pertsonaien jatorriaren xehetasunik ematen (zergatik sartu zituzten kartzelan?) ez eta helburuaren berri ematen ere (nora doaz? Van Gogh-en koadrora?(3)). Norabideak ematen dizkigu bakarrik, zenbait mugimendu eta ibilibide. Dardara batzuk, keinu sorta bat. Eta guzti hauek, edo gehienak, pasabideetan gertatzen dira, hainbatetan aipatu dudan gai edo errekurtsoa ikutuz: ATEAK (eta leihoak).

Pelikularen hasierak eta bukaerak, besteak beste, osatzen dute bira. Kolorearekin gainera, eskema argi geratzen da. Konpara ezazue hau erietxeko aldageletako azken elkarrizketarekin, Pari eta erizaina bankuaren alde banatan eserita daudenean.
Ateek eta leihoek, film honetan ere bai, erabateko garrantzia dute. Inondik irteteko, inora sartzeko, inor bilatzeko, inora begiratzeko... determinanteak dira. Trama beraiengaindik pasatzen da, edo euren atzean ezkutatu egiten da, gauzetarik asko atalaseetan gertatuz, sartu-irtenak errepikatuz. Non da lagunaren etxea?ri buruzko iruzkinean esaten nuen filmak labirintoa zirudiela. Bada agian filma honek dirudi gehiago labirintoa, baina defektuzko zuzenbidearen beharra aparkatzen badugu, gehiago du bilaketatik destinu edo irtenbide beharretik baino. Ez al du ba pelikulak katarsia behin itxitura asumitu eta ignoratu deneko egoeran aurkezten? Pelikulan zehar, zigarreta pizteko keinuak behin eta berriro ikusten ditugun arren, atxilo-furgoiean salbu, behin ere ez dira burutuko. Polizia autoan erreko dute zigarreta bakarrik, zinez debekatutako lekuan, grabitaterik eta larritasunik gabeko egoeran. Orduan errelaxatu egiten da egoera, aldi baterako araua alboratu eta ordurarte ezinezkoa (ez pentsaezina) zena gertatuz. Atxiloak ozen kantatzen du, denek zigarroa isiotzen dute, emakumeak ere bai... eskena zoragarria da.

Pentsatzen dut, eskenarekin horren gustura geratu eta Panahik Offsiden errepikatu eta muturrerago eramaten duela. Panahi, bere filmetako une gorenak ongi ezagutzen dituen eta horietaz arro egotearen lotsarik ez duen eta hauek berrerabili eta berrerakusteko konplejorik ez duen zuzendari bezala ikusten dut. Niri behintzat unkigarri gertatzen zait norberaren lanarekin emozionatzen diren pertsonekin topo egitea (ikus Hau ez da filma bat).

Baina ateen gaia utzi aurretik, pare bat begitazio bota nahi nituzke. Bat, pelikula errepasatzearen poderioz, sexua besterik ikusten ez dudan egoera batera ailatzen naizela esan nahi dut. Badagoela, ateen kontu honetan konponente sexual bat. Izan ere, zer arraiotan ari da zuzendaria, pertsonaiak ateetatik sartu-irtenean ipiniz etengabe, orain muturra pixka bat sartu, gero berriro atera, atzera berriro zulotik zeharkatu edo begiratzeko... eta berriz eskailerak gora, eskailerak behera, espazioari igurtzika, etengabe, zirriak egiten ari ez bada? Eta bi, inork ukatuko al dit, exekutatu duten gizonaren haziarekin haurdun den pertsonaiera pasatzeko errelebo-planoan azaltzen den ate hori A.Kiarostamiren Non da lagunaren etxea? pelikulako lehen planoari keinu egiten dionik? Dirudienez, ateen kontu honek luzerako emango du.



Bukatzen joateko, ene aburuz, ospitaleko eskenen artean aldageletakoa gertatzen da sofokanteen. Horrenbeste giltzarrapodun ate atzean dituela, abortatu nahi eta horretarako modurik aurkitzen ez duen egoeran ikusten dugu Pari pertsonaia. Jazarturik, lege zentzugabeek bere haurdunaldi aurreratua eten ezinda uzten dute bakarrik, barnetikako eta kanpotikako gatibutzan. Egoeraren hestuasuna maisuki hareagotzen du Panahik hemen, pertsonaiaren albo banatan, herizainek takilak zabaltzen dituztenean. Egoera horretan Parik ez du alde egitea erabakitzen baizik eta horretara beharturik sentitzen da.

Ikusi ditudan Panahiren hiru filmetan (Offside, Hau ez da filma bat eta Borobila) modu batean zein bestean, ospakizuna beti ageri dela ikusi dut. Zuzenean ez denean honen zeinuak ageri dira, modu desberdinetan. Kasu honetan ospakizunak ezkontzak dira eta zeharka erakusten dizkigu, pelikulako giroa beraiekin osatuz, hauetaz zuzenean hitz egin gabe. Beti hor den zurrumurrua bezala, sahiestezina den errealitate bezala. Bederen, arreta apur bat jarri eta argi geratzen da zuzendariak horretarako duen intentzioa. Nabarmenki kezkatzen da Panahi, gertakizunaren atzealdean edo aurrealdean (soinuan ere bai) ospakizun zeinuek beren presentzia izan dezaten. Lehen atxiloketaren ostean, bi neskak kale estuetatik korrika ari direnean ez da kasualitatea, hain zuzen, bonbila koloretsuen lerroa paratzen ari diren aita-semen aurrean geldialdia egitea. Gidoi eraikuntzaren maestrantza nabari da halakoetan. Ni bezalako zinezale apal eta autodidaktentzako behintzat, aurkikuntza eta ikasketa liluragarriak dira hauek. Biolentzia eta jazarpena libertimenduari lotuta erakustea gainera... ez da makala.

(1) Beno, esajerazio bat da hau, izan ere, izan nuen konpainia gogoangarria gertatzen baitzait: pertsiar hizkuntzako ikasle eta irakasle maite eta kopetandiekin bertaratu nintzen... eta ez dakit nola, baina hizlarientzako erreserbatutako eserlekuetan eseri ginen... diskurtsoa bukatu eta, Gorka Knörr eseri zitzaidan albo batean eta ez dakizue tipo honen arkakusoak akabatzeko nolako gogoa sentitu nuen, pelikulan zehar, bere iphonea pakean uzten ez zuela ikusten nuen bakoitzean. Plazer handiz amatatuko nion argia sortzen zuen aparailu hori buruan, kolpe bakar batez.

(2) Zinemako sarrera bera da borobila!

(3) Panahiri galdetu beharko genioke baina, koadroari jartzen zaion arreta ez dirudi kasuala denik, etenaldi bat egiten baita pelikulan berari atentzioa jartzeko. Diotenez, erietxean sarturik zegoela, anaiak haur bat izango zuela esan ziotenean pintatu zuen Van Goghek koadro hau. Pelikulak erietxearen espazioa eta aitatasun/amatasunaren gaia zeharkatzen ditu, hortik irakurri behar?

                                               Galsoroa altzifreekin (1889) edo Garisoroa (1889). V. van Gogh



Grass: A Nation´s Battle for life



Merian C. Cooper - Ernest Schoedsack - Marguerite Harrison / 80 min. / 1925 





Vita Sackville-West-en Teheranerako bidaiaria eta Hamabi egun bidai liburuak irakurtzen ari nintzela, bertan aipatzen diren lekuen berri gehiago jakin nahi eta sarean begiratu bat emanez topatu dudan pelikula da hau. Izan ere, aipatu idazleak, Hamabi eguneko errelatoan Zagros mendietako Bajtiar lurraldeetan egin zuen zeharkaldia kontatzen baitu. Bajtiar mendilerro bera da hala Vitaren kontakizunaren nola Grass: A Nation's Battle for Life (1925) pelikularen enfasi-gunea. Filma honi buruz hemen idaztearen koherentziaren inguruan une batez dilidan egon naizen arren (izan ere, zer da zinema persiarra?) segituan ekin diot teklatzeari. Ez al du ba norberak bere etxean nahi duena egiten?

Beraz, pelikula hau Vita Sckville-West-en liburuko aipamen geografikotik Merian C. Cooper, Ernest Schoedsack eta Marguerite Harrison-en kontakizuera salto eginez heldu dudala esan dut. Jatorrian alderantzizkoa izango zen eragina, inbertiturik gertatu da nirean. Ezen eta nago, pieza bakoitzaren burutze urteei eta jatorriari begiratuta, bata bestearen ondorio izan zela (Grass filma 1925ekoa da eta Vita Sacville-ren bidaia 1927koa). Hor nonbait. Ase ezineko mendebaldeko gizartearen gurpilaren bira zoro berberean, lurraldeak eta kulturak kontsumo formatu desberdinetara murriztu zituen errotarrian ehotu ziren. Kolonizazio berantiarraren testuinguruan, abentura eta deskubrimendu gosez zedarritu gabeko lurraldeak zeharkatu nahi izan zituzten aristokraten gurariak ziren horiek, diplomatiko, filantropo, erromantiko, bildumagile, botaniko, militar etabarren emaitzetarik bi ditugu hauek. Gizon zuriak sekula zapaldu gabeko lurraldeetara iristearen bulkada kolonizatzaileari jarraituz eginiko bidaiak eta errelato beharrak. Ezinezkoa gertatzen da Vita-k Grass filmeko egileen ibilbidearen berri izan zuenik ez imaginatzea. Ez ote ziren erromantiko eta abenturazale gehiago izan aitzindarien pausoak errepikatu nahi izan zituztenak? eta ez ote gara geu ere, inoiz, baieztapen behar tentelek eraginda, leku beretik berriro igaroko? Izan ere, erroturik dugu ezagutza modu anplifikatu eta biderkatua... baina nolako irudi ederrak eta nolako kontakizun hunkigarriak pelikulakoak!

Grass: A Nation's Battle for Life filmaren egileek egungo Turkiatik hasi eta Arabiar (egungo Iraq) lurraldeeak igaroz Persiarantz egiten duten ibilaldia kontatzen dute. Lehen herrialde horietako zenbait pasadizo erakusten zaizkigun arren Bajtiar tribu nomada baten ibilaldia edo trashumantzia erretratatzen du filmak hobekien. Dirudienez, hori izan zen pelikularen lehen helburua: udaberriaren etorrerarekin, berrogeita hamar mila pertsonek miloi erdi abererekin egiten zuten leku aldaketa erregistratzea, larre berriak bilatzekotan urtero egiten zuten hilabete pasatxoko ibilaldian bidelagun izanez. Ahwaz-etik Isfahan-erako migraziotik Karun ibaiaren zeharkaldia eta Zard mendiaren gainditzea dramatizatuko dute gehien. Dokumental antropologikoaren aintzindaritza atxekitzen zaio pelikulari eta Merian C.Cooper-en ideia bat izan zen (Nanook ikusi ondoren C.Cooper-en kazkarra berotuta imaginatzen duenari ez zaio tantorik falta).

C.Cooper, Sobietarren kontra hegazkin piloto jardun zuen ofizial, abenturazale, zinegile eta gidoigilea izan zen. Grass, bere lehen filma izan zen arren, ostera King Kong (1933) bezalako pelikula arrakastatsuak egin zituen, bai eta bidean geratu ziren beste batzuk ere. Esaterako, Grass pelikula bera 1947.urtean errepikatzeko proiektua abiatu zuen, baina ingurua iada domestikatua izan zela jakin zuenean (zenbait trenbide eta zubi eraikiak izan zirela jakin zuen) bertan behera utzi zuen proiektua. Noski, progresuaren gezi-mutur ezin birritan izan eta lurralde hartako azpiegitura berriak pelikulan azaltzeak bere ikuspegi erromantiko eta epikoa izorratuko zuketela eritzi eta egitasmoa alboratu zuen. Bortxaren subjektua zein den, horra burututako filmaren eta burutu gabeko filmaren koxka, bietan berbera.


Sakonean, badakit gizon zuria sekulan izan ez den lekuan egotea irrikatzen dudala, ezaguna den edozein lekutik urrun. Mundua txikiegia da, mapa gehiegi trazatu dira eta zinema dinamikoegia da.
Vita Sackville-West

Edonola ere, egilearen bizitzaz idatzita dauden kontuak irakurtzen hasita, pertsonaia interesgarria gertatzen da Cooper delako hau. Esan gabe doa, Cooper-ek Grass  pelikula filmatzeko W.Herzog-en Fitzcarraldo filmatzeko punteria berbera izan zuela.




Marmoulak مارمولک



Sugandila


Kamal Tabrizi / 115 min. / 2004



Honakoa, hainbeste gustatzen zaigun hitz jolasen mundutik datorkigun izenburua da. Marmoulak sugandila esan nahi du eta bere barnean du moula hitza, apez esan nahi duena. Izan ere, pelikula honetan, Marmoulak ezizeneko lapur baten balentriak kontatzen baitzaizkigu. Marmoulaken balentriarik behinena, gartzelatik ihes egiteko baliatzen duen metodoa izango da. Kartzelan egingo duen zauri baten ondorioz, hospitaleratua izan delarik, egoitza berean aurkituko duen moula baten harropak harrapatu eta mozorraturik ekingo dio ihesari. Moulaz jantzita, doan tokira doala, jendeak atentzioa, errespetua eta adeitasuna adieraziko dizkiola konturatuko da. Erlijio deritzan hortaz deus ez dakien honek, egoeraren aurrean erantzun beharrean, doktrina propioa asmatuko du eta ezarian, fededun saldoa izanen du atzetik, gogoz. Guzti hau, Irango mugatik gertu dagoen herrixka batean gertatuko da, Marmoulakek hasieratik duen helburua Irandik ihes egitea izango baita. Gainontzeko guztia tramitea izanik, filma, zeharkako ikuspegi eta jokabideetaz ari zaigula esan dezakegu. Jitoan, istripuz, nahigabe, errorez... errari gabiltzala kausitzen baitugu bilatzen duguna, pelikulako pertsonaiaren kasuan, askatasuna dena. Gauzak horrela, ez da kasualitatea izango, forma eta egiturari dagokiola, pelikulak "irten nahi" batez hitz egitea. Hersten duen gartzelatik lehenengo, gorpuzten duen pertsonaietik geroago eta jarraika duen estatutik geroago, irteteko nahi bat erakusten digu pelikulak. Baina, arreta desbideratu eta gauden lekua bera kanpotasun bilakatzeko aukerak dituela antzematera iristen gara. Seguruenik, hor zehar, filmari buruzko iruzkinak irakurri eta erlijioaren fundamentalismoari buruzko kritika egiten duen pelikula bat dela irakurriko dugu. Baina, eta kontrakoa denik esan gabe, zeharka jardutearen ondorioak aldarrikatzen dituen filma bat dela pentsatu nahi dut nik. Begiratu bestela, pelikulako azken irudiari: ikusleari bizkarra ematen dion jende saldoa, planotik kanpo dagoenari begira... alferrik da zinema persiarraren errefinamenduaren kotak topografiatzen saiatzea.





Ebidentziaren jazarpenaren kontra, irudiaren ertzak kamusten dira pelikulan. Lehen irudietan bertan, filmaren indarra irudiaren sinisgarritasunean baino, istorioaren zartakoan egonen dela deklaratzen da. Izan ere, filmaren hasierako eskena grabatu ahal izateko baliatu den trikimailua begien bistan uzten baitugu zuzendariak (utzikeria? ez jauna), bukaeran, ahotsa ez besterik baliatzen duen bitartean.


- ezin da jendea zerura behartu, gogotik bultzata bestaldera erororiko baita, infernura.

- jainkoa gizabidearen dudarik astunena, ontasunaren dudarik astunena, laguntasunaren, barkamenaren dudarik astunena da.


***adierazgarria da filma hontena ere, protagonistak ate joka lagunaren bila egiten duen ibilera. non da lagunaren etxea?-n al gaude etengabe? 

 
 

Dash Akol داش اکل

Dash Akol

Masud Kimiai / 95 min. / 1971


 

Badira, bakardadean, arima jaten duten lepraren gisako zauriak. Inori kontatu ezin zaizkion gaitzak dira. Jende orok ezohiko istripuen artean kokatzen ditu. Inork, inoiz, ahoz zein idatziz, deskribitzen baditu, kontzeptu ezagunak baiesten eta onartzen dituen jendeak bere errelatoa irrifarre ironikoz jasotzeko saiakera egiten du. Izan ere, gizonak ez du halako plagarentzako konponbiderik aurkitu. Ardoak bermatzen duen ahanztura eta droga eta estupefazienteen bitartez eskuratzen den logura artifiziala dira sendabide eraginkor bakarrak. Baina tamalez, euren efektuak iragankorrak dira: oinazea ez da betiko lasatzen eta beti itzultzen da, hareagoturik.
HONTZ ITSUA, Sadeq Hedayat

  
Dash Akol, ikusi dudan zuzendari honen lehen filma da eta filmografi oparoa duela irakurri dudanez, bere estiloari buruzko gauza handirik ez naiz esatera hausartuko. Edonola ere, pelikulari begiratu eta zinemaren lengoaiarekin esperimentatzeko hainbat saiakera nabarmentzen dira. Sarrerako eskenako koloreen inbertsioa, arkitektura azpimarratzeko plano hurrunen nahiz pikatuen erabilera, argiztapenak, kameraren zenbait mugimendu eta geldiune... Pertsonaiak arkitekturaren laguntzaz enkoadratzeko modua deigarria da. Bide honetatik, Non da lagunaren etxea? eta Kelid filmetan ateetaz egin nuen aipamenarekin lotura bat agertzen da (errebisiorako utziko dugu, halaber).


(Shiraz-eko?) Arkitekturaren erretratu bat pelikulan txertatzeak, kultura bati loturiko nortasun eta jokabide baten pertsonifikazioan oinarriturik egoteak eta hauen inguruko ohiturak eta usadioak hain presente egoteak, tarteka, filmaren ikustaldia nekeza egiten dute. Hori da, bederen, nik sentitu dudana ipuina irakurri eta. Istorio idatziak indarra galtzen duela alegia (1), berau hain borobila izanik, pelikulan deformatzen delarik. Hala ere, zernolako bertsiori eskatu behar zaion koherentzia izan badu, eta gutxinaka, idatzizko kontakizunaren oroimena alboratu eta pelikularekin gozatzen hasten zara. Zuzendariak, istorioaren hariari jarraitzen badio ere, istorioa eraldatzen du, eta alteratu. Era berean, alterazio eta itzulpen horietan sortzen diren elementuak identifikatu eta esplotatzen ditu. Eta istorioa kontatzeko zuzendariak eraiki duen artefaktuan koherentzia bat antzematen hasten zara. Ildo horretatik, gure begietan zaplada ederrak dira uretan zipriztintzen ari diren txorien azken irudiak. Halako analogia eta erabakiekin, pelikulak azkenean komentzitzen eta kolpatzen zaitu (2).

Antzeko zerbait gertatzen da istorioko protagonista interpretatzen duen aktorearen adierazpenarekin: hasieran, jartzen dituen ume-kasketa aurpegiek ikusleari pelikulan sartzea oztopatzen diote, baina geroago, gaineztaturik dagoen gizon horrekin enpatizatzen hasten zara, harena benetan sufrikarioa dela sentituz eta sinestuz. Izan ere, gizontasunaren eta gizabidearen gaiak lantzen ditu pelikulak. Dash Akol javanmardi-a da (caballeroso), mardonegi-a du (gizonaren ezaugarri eta koalitateetaz suposatzen dena), persiar kulturako caballero-a, gentleman-a da. -esan gabe doa, garai bateko aktore mitikoa dela Behrouz Vossoughi.

Dash Akolek bere burua gizon bakarti eta asketzat du, nahiz eta duintasuaren, nobleziaren eta gizontasunaren formetan harrapaturik dagoen. Dash Akolek ere eskutik hartzen ditu auzoaren ordena eta legea bermatzeko zereginak, eta errespetatua bezain ikaragarria da. Baina, kanpo-faktore baten ondorioz eta tradizioaren betebeharrarekiko konpromiso estuan, bere irudi publikoa eraldatu beharrean aurkituko da. Eraldaketa honek, basa bizitzatik etxe bizitzarako aldaketa egitea ekarriko dio (otsoa zakur bihurtu dela aipatuko da pelikulan), bai eta galbide psikologikora eta aztoramendu emozionalera eraman ere. Dash Akol, bereganatu ezin dezakeen emakumeaz maitemindurik, behera etorriko da eta keinu duin bat eginez utziko dio bizitzari joaten. Maitasunak, minak eta eromenak eskutik helduta, odola, negarra eta ardoa batera ekartzen dituen erreka bisitatuko dute (3).


Beraz, Shirazen kokaturik dagoen Dash Akol izeneko pertsonaiaren tragedia kontatuko du filmak. Irango hego-mendebaldeko herria da Shiraz, Fars-eko probintziaren hiriburua, XVIII. mendean Persiako kapitala izandakoa. Kultura baten ondarea eta usadioak erakutsiz eraikitzen da pelikula: jantziak, baloreak, hiriko espazioak, zurkhanea... garaiko bizimodua ezagutzeko tresna ederra bihurtzen delarik





Dash Akol pelikula, Sadeq Hedayat-en izen bereko ipuinean oinarriturik dago (Bizirik lurperatua ipuin-liburuan argitaratua izan zen hau, 1930. urtean). Sadeq Hedayat, Kafka iraniarra esan izan zaion idazlea, 1903an Teheranen jaio eta 1951an Parisen hil zen, buruaz beste eginik. Hainbat ikasketa hasi eta utzi zituen, bai eta hainbat herrialdeetara iritsi eta atzera aldegin ere. Mendebaldeko literatura eta Irango folklorea ikasi eta hainbat obra publikatu zituen. Kritikoa izan zen bere herrialdeko erregetza eta apaizeriarekin. Gazte hil zen, bere istorioetako pertsonaiak bezala hil ere.


(1) eskerrak hemen Javier Hernandezi ipuinaren itzulpen argitaragabea irakurktzen utzi izanagatik.
(2) kaiolatutako txoriaren irudiari buruzko aipamen bat egin beharrean naiz: poesia persiarrean, kaiolatutako txoriak subjektuaren arima irudikatzen du. Keliden azaldu zen, Dash Akolen azaldu da eta nago, datozen pelikuletan ere errepikatuko dela. Egiteke geratzen da beraz, gaiari buruzko iruzkin sakonagoa.
(3) aipatzekoa hemen, leili o mashrun-en ipuina 

Khane-ye Doust Kodjast ? - خانه دوست کجاست ؟

Non da lagunaren etxea?

Abbas Kiarostami / 80 min. / 1987


"خانه دوست كجاست؟
" در فلق بود كه پرسيد سوار.
آسمان مكثي كرد.
رهگذر شاخه نوري كه به لب داشت به تاريكي شن‌ها بخشيد
و به انگشت نشان داد سپيداري و گفت:

"نرسيده به درخت،
كوچه باغي است كه از خواب خدا سبزتر است
و در آن عشق به اندازه پرهاي صداقت آبي است
مي‌روي تا ته آن كوچه كه از پشت بلوغ، سر به در مي‌آرد،
پس به سمت گل تنهايي مي‌پيچي،
دو قدم مانده به گل،
پاي فواره جاويد اساطير زمين مي‌ماني
و تو را ترسي شفاف فرا مي‌گيرد.
در صميميت سيال فضا، خش‌خشي مي‌شنوي:
كودكي مي‌بيني
رفته از كاج بلندي بالا، جوجه بردارد از لانه نور
و از او مي‌پرسي
خانه دوست كجاست." 


سهراب سپهري
Helbidea

Non da lagunaren etxea?
Zaldunaren galdera egunsentian
Deblauki zerua geratu eta oinezkoak
eskuzabal
areazko lausotasunari ezapinetan zuen argi adarra eman zion;
gero, behatzarekin sahats zuri bat seinalatu eta esan zuen:
<< Zuhaitz horretara iritsi aintzin Jainkoaren ametsa
baino berdeagoa den kalexka basotsu bat dago,
non maitasuna
zintzotasunaren lumadura
bezain urdina den.
Nerabezaro osteko zumardiaren azkeneraino joanen zara,
bakardadearen lorerantz egiteko gero.
Lorearengandik bi pausotara,
lurraren
betiereko mitoen iturriaren oinean geratuko zara.
Ikara gardenak bilduko zaitu han;
espazioaren intimitate bigunean
murmurio antzeko bat entzunen duzu:
pinuaren gorenean
argiaren habiko kumeak hartzekotan den haurra ikusi
eta galdetuko diozu:
non da lagunaren etxea?


Sohrab Sepehri



Kelid eta Non da lagunaren etxea? pelikulen artean urte bateko tartea besterik ez da. Denbora tarte hori, bi pelikulen arteko eragin eta harreman zuzena nabarmentzeko bermea dirudi. Errepikatzen diren elementuez gain (biberoia, pixoihalak…), bi filmak, antagonismo komun batek zeharkatzen ditu. Kelideko eskenatokia etxearen espazio itxian gertatzen den bitartean, Non da lagunaren etxea? irekita dauden edo irekitzen diren espazio askoren sarean gertatzen da. Bietan, soluzionatu beharreko arazoaren aurrean den haur baten erreakzioak kontatzen dira. Baina, arazoa soluzionatu izanaren satisfakzioak baino, arazoa soluzionatzeko irudikatu moduak eta desbideraketak dira aipagai.


Funtsean, atearen kontzeptua immanentea da bi pelikuletan. Lehenengoan, atea trama osoaren detonantea bada, bigarrenean, lagunaren eta bilaketaren irudikapena da. Bi pelikuletan, ateak duen garrantzia ukaezina da, hala alegorikoki nola literalki.

Blog honek etorkizunik badu, ateei buruzko zine iraniar batez hitz egiterik ba ote dagoen ikusiko dugu. Oraingoz, oharpena eginik nahiko. Gogoan hartu hala ere: Non da lagunaren etxea?-n etxeko eskena gehienak "kanpoan" (patioan) filmatzen dira. Barnekoetan aldiz (eskola, etxea), beti dago irekia dagoen edo irekitzen den ate edo leiho bat. Halabaina, ateen eta leihoen ugaritasunak ez du laguna topatzeko erraztasunik ekartzen, irekitzen badira ere. Film honek labirintoa dirudi askotan.




atea filmen azaletan ere

Laguntasunaren edo konpromisoaren balorea lantzen duelako ohoratua izan den pelikula honek bestelako alderdiak ditu, denak ala denak lehenengo hori baino interesgarriagoak. Lehenago aipatu Kelidekiko loturaz gain, gogoetari ekiteko "ate eta giltza" asko ditu filmak. Ugaritasun horren aurrean eta blogaren izaerari fidel (iraniar filmen inguruko ohar koaderno argitaratu bat izango da hau), hoberena, etorri ahala zerrendatzen joatea izango da.


Ahmadpoor, filmeko protagonista humanoa, traidorearen figura da(1). Etxetik ihes egiten du, lagunaren herrira. Kezkaturik dago, nahastu eta berarekin eraman baitu lagunaren eskola koadernoa. Horregatik, beldur da biharamunean irakasleak ez ote duten, bere erruz, eskolakidea kanporatuko. Eskola koadernoa diziplinaren ikasketak izkiriatzen diren azaleraren figura da pelikulan. Lekuz mugitzen den objektuaren kategoria du, bidaiaria da. Atzera eta aurrera eraldatuz doa, geldiezina delarik bere jitoa. Eskena batean, garai bateko gurasoen autoritatea gogoratzen du Ahmadpoor-en aitonak, baina koadernoaren gakoak aldatzen ari den gizartearen figura iradokitzen du. Bere muturren aurretik pasatzen ari da.

Ahmadpoor-ek senak esaten dionari jarraitzen dio, baina etikaren, ohorearen eta duintasunaren lezioa denak ez du argirik ikusten pelikulan. Ezen eta senari segituta ere, protagonsitak ez baitu nahi duena lortzen. Lagunari koadernoa emateko, etxeko arauak hausten ditu Ahmadpoor-ek, eta alferrik gainera. Lagunaren etxerik ez du aurkitzen. Esistitzen ez delako agian. Edo kadernoaren barnean dagoelako, koadernoak gordetzen duen iturrian, iturriko lorean.

Jitoaren eta denboraren irudikapena da Non da lagunaren etxea?. Labirintoarena ere bai, lagunaren bilaketa filosofikoarena agian. Sohrab Sapheriren poemako kalexkak zeharkatzen dituen kontakizuna da.




 
traidorea

Non da lagunaren etxea? denboraren eta espazioaren tolesdura bat da. Tolesdura simetrikoa, zenbakia balitz kapikua, hitza balitz palindromoa. Tolesduraren irudikapena traman bertan dago:

////// figurak //////

koadernoa - amak izarak zabaldu - amak izarak jaso - koadernoa

////// joan etorriak //////

Eskola - Poshte - Komre - Poshte - Komre - Poshte - Eskola


Bide beretik, egun beteko iraupena du pelikulak. Goiz batean hasi eta hurrengo eguneko goizean bukatzen dena. Simetria horretan berriz ez da kalkorik: Ahmadpoor eraldaturik itzultzen da  etxera, eta hala koadernoa. Bidaiaren ondorioz, koadernoak berrikuntzak jasango ditu: iturraren ondoko lorea, denbora eta laguna izkiriaturik dituen koaderno bilakatuko da.


Baina berrikuntzak bakarrik ez, anputazioak ere jasango ditu koadernoak. -eko ategileak Ahmadpoor-i koadernoa eskuetatik kenduko dion eskena biolento hori gogoangarria da. Kiarostamik, eraldatzera doan herrialde, bizimodu eta arkitekturetaz hitz egiten al digu hemen? Pelikularen kontakizunean bi ategile baliatzearen erabaki hori ez dirudi kasualitatea denik. Bata zaharra da eta kostata mugitzen da. Bestea aldiz gaztea eta asto gainean bizkor dabilena. Material berriekin egiten ditu ateak, lehengo ategileak eraiki zituenak ordezkatuz.


Beranduago, erreflexuekin eta itzalekin hasiko da pelikularen magia. Denboraren eta espazioaren bi muturrak elkartuko dira, amaren izarak edo eskola koadernoa bailiran. Iluntzean, Ahmadpoor mutiko gaztea eta ategile zaharrarekin elkartuko da, pelikulan digresio oniriko bat sortuz. Baten moteltasunak eta bestearen presak, partekatutako denbora epean eraldatuko dira, eta konbinazio horrek sortu izan balitu bezala, Poshte herriko paretetan suziri, txispa, armiarma eta mitxeleta koloredunak barreiatzen hasiko dira. Denboraren ospakizuna da (kontuan har euskarazko ospakizun eta ospa egin hitzek erro berdina dutela). Michael Enderen Momo ipuineko pasartearekin gogoratuko gara orduan. Momo eta Dorotea dortokak, denboraren lorerantz/iturrirantz egiten duteneko pasartearekin hain zuzen.


Paseo honetan, ateek leihoei pasako diete lekukoa, eta hauetatik datozen argi erreflexuak sortutako forma eta koloreak izago dira protagonista. Ategile zaharrak bere leihoetaz hitz egingo du. Galtzen ari den bizitzaren eta artearen pasabidea zeharkatzen ari dira, baina Julio Verneren lurraren muineranzko bidaian bezala, hainbeste desiratutako aurkikuntzak, deblauki, istorioaren hasierara eramango du protagonista.


Ez nuke Non da lagunaren etxea? Sohrab Sapheri-ren poeman oinarritutako pelikula bat denik esango, baina zeharka eta tarteka, Sapheriren poemaren oroimena gogora ekartzen du, bertso eta pasarte zehatz batzuen bideetan izango bagina bezala (poemaren eta pelikularen gako nagusia dira bideak). Iturria, zuhaitza, argia, kalexka etab. bezalako elementuek pelikula egituratzen dute, azken bertso-lerroarentzako (edo eskenarentzako) giroa prestatuz joango balira bezala. Kiarostamik, Sapherik idatzitako poemaren erabilera erotiko bat egiten du bere pelikulan, iradokiz, erakutsi gabe.

Filmaren bukaera aldean, haizeak etxeko atea zabaldu, barrura sartu eta koadernoaren orrialdeak pasatzen ditu. Hau ikusiterakoan, ikusleak zalantza egiten du, lagunaren etxeko lanak zeinek egin dituen...









ZENBAIT IDEIA SOLTE, ZERRENDATURIK:
- Hemen ere, objektuak dira (edo hauen falta) pelikularen motorra. Ahmadpoor-ek Nematzadeh-ren koadernoaren indar batek bultzaturik bezala igarotzen du filmaren denbora gehiena. Korrika.
- Barne bulkadei jarraitzeak gizarte arauen eraistea dakar.
- Pelikula honetan ere, umearen beharrei atentzioa jartzeko tenorean den bakarra, umerik ez duen pertsonaia da (berdina gertatzen da, esaterako, J.Tatíren Mon Uncle eta L. Bon Trier-en Melancholia pelikuletan)
- Poemaren irudikapen eta erreferentzia zuzenak: iturria, pinuaren gorenean den haurra…
- Bi pelikulen arteko beste zenbait analogia:


  


  















(1) Traidorearen figuraz Jesús Ibañez: klik

Kelid - کلید

Giltza

Ebrahim Forouzesh / 76 min. / 1986

Amir, bost bat urteko mutil koskorra da eta amak etxean bakarrik utzi du. Bakarrik eta betekizun batekin utzi du gainera: esnatzen denean, sehaskan den anaia txikiari biberoia ematekoa. Hori agindu eta amak, etxetik irten eta, atea giltzaz itxiko du. Beraz hasiera-hasieratik, bi aktore nagusiak aurkeztuko zaizkigu pelikulan: biberoia eta giltza. Objektuak, subjektuen ekintzak jasotzen eta jasaten dituzten elementu pasibo izatetik haratago, ondorioak sortzen dituzten eragile aktiboak izango dira. Etengabeko katean, endredu nagusi bat askatzeko sortu ohi diren korapilo berriak erakusten ditu pelikulak, ume baten eskuetatik.

Esaten dudanez, filma eskuordetze batekin hasten da. Amak seme baten bitartez beste seme bat elikatu nahi du. Biberoia, inoiz amaren bularra ordezkatu duen bitartekaria izanik, pentsa baino konplexuagoa bilakatzen da gakoa. Izan ere, bularra biberoi bilakatuko da hemen, biberoia ume eta umea giltza. Kate honen ondorioak erakusten ditu filmak. Amir etengabe ari da gauzak lekuz aldatzen, beste helburu batzuetarako baliatzen… egoeraren orainaldi etengabean. Haurraren munduaren irudikapen moduko bat da Kelid.

Esan dezagun Kelid, filma baino, antzerkia dela. Eskenatokia, ikuslea sartzen ez den eremu bezala definitzen badugu, film oro eskenatoki bat dela baieztatu dezakegu, ikusleek, gertakarian interbenitzeko aukerarik ez duten neurrian. Baina Kelid, bere barnean eskenatoki bat duen filma da. Eta aktore guztiek, film beraren barnean dauden arren, ez dute kategoria bera: eskenatoki barnekoak eta eskenatoki kanpokoak bereiztu behar ditugu. Kelid, eskenatoki bat beste eskenatoki baten barnean duen pelikula da. Aldi baterako etxean giltzaperatuta dauden bi umeren nondik norakoak kontatzen zaizkigu (lehen eskenatokia: pelikula), beste inork sartzerik ez duen eremuan (bigarren eskenatokia: etxea). Kiarostamiren eskuartzea beraz, nabaria.

Egoera horretan, umeen eremuan sarturik dagoen bakarra ikuslea da, baina interbenitzeko aukerarik gabe (ikuslea, kaiolatutako txoria da hor nonbait). Anaia txikiaren lantuak entzun eta bizilagunak asaldatu egingo dira laster. Sarbide zuzenik gabe, etxeko atea Amirren bitartez irekitzen saiatuko dira. Alegia, kanpoan direnak barnean direnen bitartez bi eremuak banatzen dituen atea zabaldu nahi dute. Gakoa beti barruan egon ohi da, bertan denak aldiz ez du hori jakiten. Helduen mundua eta umeen mundua irudikatzen dituen pelikula bat izan liteke hau.

Biberoi batetik hasi eta itzuliz itzuli giltza batera iristen den katea da, saiakera konstante bat, hutsegiteen sorta, lorpenak soilik zeharka eta eginahalka burutu daitezkeela baieztatzen duen lana. Mugak zeharkatzeko moduak egon beti daudela esaten du ere. Horretarako moduak beti asmatzeke daudelarik. Zinema iraniarrak ongi erakusten du hori, ingenioarekin eta urrunera joan gabe.

Garapen pertsonalaren paralelismo bat bezala ere uler daiteke pelikula. Heldugabetasunetik heldutasuneranzko jauziaren irudikapen inbertitu gisa adibidez. Inoiz entzun dut, pertsona, behin uzki esfinterraren eta uretra esfinterraren kontrola lortzen duena ume izatetik umo izatera pasatzen dela. Gune eta une egokian esfinterra erlaxatu eta zabaltzeko gaitasunari (eta alderantziz, berau estresatu eta ixteari) heldutasuna deitzen diogu. Anaia txikiari biberoia emateko, etxeko giltza aurkitzeko eta atea zabaltzeko Amirrek jasaten duen zorabioan etxea zaborrez eta hondakinez betetzen hasten da. Azkenerako, Amirrek etxeko atea hondaki guzti horiei irteera emateko zabaldu behar duela dirudi. Etxeko atea zabaltzea lortzen dueneko unea itxaronaldi luze baten ondoren komunera ailegatu gareneko momentua gogorarazten du.

Pelikula ikusi eta lan sinple bat ikusi izanaren sentsazioa datorkizu, baina denborarekin, sentsazio hori ongi landutako gidoi baten aurrean egon izanaren sentipenean bilakatzen da. Soila bezain sotila den pelikula da, dudarik gabe.

 

Barru bakoitzak barru propioa. Gako bakoitzak bere karikatura

 

Ikuslea kaiolatutako txoria da hor nonbait

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

ZUZENDARIAREN BESTE FILM BATZUK: La jarre (1992), Le Petit Homme (1998), Enfants du Pétrole (2001) Hanoun and Darya (2008) A time to love (0208) The first stone (2010)